Talo Egunaren XXI. edizioa izanen zen aurtengoa eta Leitzako Saralegi Taloak, Saldiasko talogileek eta Basaburuko Jan Talok jarri zuten postua. Horiekin batera, Mendialdeko 32 ekoizle eta artisauk ere plazaratu zituzten beraien produktuak. Musikarik ere ez zen falta izan, Leitzako trikitilarien eskutik.
Eguerdian egindako giza proba erakustaldiak ikusmin handia piztu zuen. Arantxi Sukuntzak eta Esti Gastearenak 400 kiloko harriarekin saio ikusgarria egin zuten. Ondoren, Joseba Sanchezek 1.980 eta 2.000 kilo arteko harria mugitu zuen. Garai batean idiek mugitzen zuten harri hau Leitzan eta Sanchezek 1,44 metro mugitzea lortu zuen.
Ez zen izan eguneko kirol hitzordu bakarra, Plazaola 16K lasterketaren lehenbiziko edizioak ere Leitzako plazan izan zuen helmuga.