Mehatxu faxistak eta ikur naziak dagoeneko ezabatuta egonagatik, arrastoa utzi dute Leitzan. Kalera atera eta erasoak salatuz, erantzun dute herritarrek. Jendetza bildu zen larunbat eguerdian Torrea tabernako atarian egindako elkarretaratzean: «Hemen gaude, elkartuta. Gure ezberdintasunekin, baina batuta. Zuek gauez eginiko margoketei egun argiz, herri gisa erantzuten» adierazi zuen Katixa Astibiak Leitzako eragileen izenean hitza hartuta.
Leitzako hainbat eragilek bat egin zuten adierazpenarekin: Lañaidek, Atekabeltz gazte asanbladak, Atekabeltz Herriguneak, ALKE kultur taldeak, Ernaik, Eusko Alkartasunak, Leitzako EH Bilduk, ELAk, LABek, Jardunek, Kaxkabeltza Elkarteak, Habelartek, Aurrera Kirol Elkarteak, Tximutxe Euskara taldeak, Ikamak, EHMEk, Leitzaldea Kirol Eskolak, Eskalada taldeak, Harribeltz Borroka taldeak, Liñu Putzu Ehoziri Taldeak, Atekaberts Bertso Eskolak, LHL, Leitzarra tabernak, Gaztañaga tabernak, Lopenea tabernak, Ogiberrik, Zortzikok, Zirkulo tabernak, Jeiki abesbatzak, Leitzako Jubilatu elkarteak eta Denok Bat guraso elkarteak.
Leitzako udaletxean, Aurrerako atarian, parkean... agertu ziren pintadak eta tartean, 2024ko ekainaren 28an LGTBIQ+ Harrotasunaren eguna aldarrikatzeko herriko haurrek auzolanean margotutako bankuari ere egin zioten eraso. Degenerados Stop mezua idatzi zuten ortzadarraren koloreekin margotatuko bankuan: «Irmoki gaitzesten dugu erasoa. Pertsonen izate askearen aurkako edozein erasoren aurrean izanen gaituzue».
Faxismoari aurre egiteko «herri frontea» direla aldarrikatu zuten: «Informatu, saretu, aktibatu eta antolatu. Faxismoa borrokatu. Dei egiten diogu herritar orori, ideia eta ekintza faxistei zirrikiturik ez uzteko egunerokotasunean». Nabarmendu zuten iritzi guztiak ez direla balekoak eta jarrera oro ez dela onargarri: «Jarrera hauen aurrean aktibatu eta erantzun behar dugu: erosketak egitean, tabernako elkarrizketetan, lantoki eta ikastetxeetan, kuadrilan... ideia erreakzionarioak eta jarrera faxistak esparru guztietan identifikatu eta borrokatu behar ditugu». Gaineratu zuten, «auzolanetik, elkartasunetik eta herri honi diogun maitasunetik» dihardutela eta ez dutela onartuko hamarkadetan eginiko lana «zapuztea»: «Oso harro gaude honaino ekarri gaituen bideaz eta izu mezuen gainetik etorkizunean ere herri ameslaria izaten segiko dugu».
Leitzako Udalaren oharra
Leitzako Torrea tabernako kideek eman zuten ostiral eguerdian gertakarien berri eta arratsaldean zabaldu zuen Leitzako Udalak erasoak gaitzesteko oharra: «Mehatxu faxista larriak eta ikur naziak irmoki salatu nahi ditu Leitzako Udalak. Halakoak gainera, Nafarroako beste herri batzuetan eta gau berean ere gertatu direla nabarmentzekoa da». Leitzako Udalak argi adierazi du ez dutela «inolako eraso faxistarik eta nazirik onartzen, ezta onartuko ere. Leitzako etorkizuna «kolorez marrazten» jarraitu nahi dute: «Aniztasunean eta errespetuz, eta gizarte aske, anitz eta berdinzale bat eraikitzeko konpromisoarekin, gorrotoaren diskurtsoei eta eskuin muturrak defendatzen duen eskubide urraketa eta murrizketei aurre eginez».