Bart gauean Leitzako Torrea Herriko Taberna erasotua izan dela jakinarazi berri du Torreako Batzordeak: «Euskal Herriko memoria kolektiboan erreferentzia den murala, Torrea tabernako sarrera, terrazako mahaiak, paretak... pintada faxistez beteta agertu dira: hau España da, islam ez, ETA muerta, ikur faxistak...». Torreak adierazi du «ultraeskuinari hamarkadatan baimendu zaizkion mantra ideologikoaren esloganak» direla denak nahastuta erabili dituztenak.
Oharrean gaineratu dute Ezker Abertzaleak 90. hamarkadan Torrea «norbanakoak saretu, ahaldundu eta antolatzeko tresna gisa» sortu zuela, «egungo Leitza eraikitzeko ezinbesteko espazio eta agente izan da Torrea, urtetan zehar emaniko aldaketa gauzatzeko motorretako bat. Aterpea behar izan dugunean aterpe, topaleku eta baita garai latzenetan babesleku ere». Nabarmendu dute «egindako bideaz eta herri honen iragan zein borrokaz harro» daudela eta «edozein erasoren aurrean zutik eta tinko segiko» dutela: «lehen bezala, Faxismoaren gorakadari, matxinada antifaxistarekin erantzungo diogu».
Agerraldia bihar
Erasoak salatzeko agerraldia eginen dute bihar, hilak 12, eguerdiko ordu batean: «Leitzaldeko herritar eta eragileei dei egiten diegu parte hartzera».