Azienden kontrola eta segurtasuna bermatzeko «elkarlanerako» deia egin du Goizuetako Udalak

Ttipi-Ttapa

Betizuak kalean eta errepidean dabiltzala azaldu du Goizuetako Udalak.

Abeltzainei itxiturak jartzeko eta herritarrei horiek errespetatu eta ireki ondotik ixteko eskatu diete.

Azken aldian, behi edo betizu batzuk errepide edo kalean dabiltzala azaldu du Goizuetako Udalak, «herritarren artean beldurra eta ezinegona sortuz». Aziendak mendian egotea abeltzainen ardura dela uste du udalak eta beraiekin bildu dira «egoera honi ahalik eta azkarren irtenbidea eman eta neurriak har ditzaten» eskatzeko. Gaineratu dute badirela aziendek erabiltzen dituzten pasabideetan itxiturak jartzen dituzte abeltzainak, «behar bezala itxi eta kontrolatzeko». Hori, ordea, batzuetan ez da aski izaten: «azken asteetan, herriko ur deposituaren inguruan jarritako itxitura horietako bat errekan puskatuta agertu da». Udalak salatu du ez dela antzeko gertaera bat gertatzen den lehen aldia: «Pasabidea berriz ere itxita dago, baina beharrezkoa da abeltzain eta herritarren arteko elkarlana». Udalaren ustez aziendak kontrolpean «edukitzeko modurik egokiena GPS eta hesi birtualak uztartzen dituen sistema da, baina eredu hau ezarri bitartean, ohiko itxiturak izatea, eraginkorra izan daiteke». Hori dela eta, udalak mendian edo bideetan dauden itxiturak errespetatzeko, eta ireki behar badituzte berriro behar bezala itxita uzteko» eskatu du. Horrela, «aziendak dagokien eremuetan mantendu eta herrigunera edo errepideetara iristea saihesten lagunduko» dute. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun