Hilabetetan mimoz landutako proiektua jendaurrean erakusteko ordua ailegatu da. Irailaren 12an, 21:00etan, Leitzako plazan estreinatuko dute Agur, joan da nere soñue antzezlana. Leitzako dantzei, doinuei eta ohiturei balioa eman nahi izan diete eta, ageri denz, proiektua bera auzolanaren erakusle ederra izanen da. Leitzako hainbat taldeek parte hartu dute: Xagu antzerki taldeak, Leitzako dantzari eta txistulari taldeak, Jeiki abesbatzak, Leitzako Iñauterietako musika Bandak, LHL taldeak eta Okille tailerrak. Denera, 80 bat parte hartzaile bildu dira eta, inklusioaren alde eginez, egoera zaurgarrian dauden pertsonek paper garrantzitsua izan dute.
Agur, joan da nere soñue antzezlana Leitzan duela 100 urte gertatutako istorio batean dago oinarritua. 1926an Hilario Olazaran musikagile eta fraile kaputxinoak, Leitzako Ingurutxoa ikusi zuen plazan, eta dantza honekin guztiz liluratuta liburu bat eskaini zion. Bertan, Ebaristo Elduayen txistulariari adituz, Ingurutxoko doinu guztiak partituretan jaso zituen. Ordurarte belaunaldiz belaunaldi belarriz transmititu ziren doinuak lehenengoz partituratan jasota gelditu ziren. Bost urte beranduago Ebaristo Elduayen txistularia Plazaolako trenak harrapatuta hil zen. Antzezlanean, txistuaren eta Leitzako musika doinuen transmisioa eta herritarren elkartasuna dira protagonistak. Ez hori bakarrik, hainbatetan isilpean gorde izan den historiaren zati bat ere ikusarazi nahi izan dute, Marikruz Zabaletaren, Ebaristoren alargunaren istorioari tokia eginez.
Proiektua, gidoia eta zuzendari lanak Miel Mari Elosegik egin ditu. Musikaz Leire Retegi arduratu da, koru zuzendaritzaz Vinaixa Gartzia, dantzaz Miel Olano eta atrezzo arduradunak Okille tailerra eta LHL taldea izan dira.