Denboraldiari bukaera emateko talo jatea antolatu dute Ixkibi kanpinean

Ttipi-Ttapa

140 lagun inguru elkartu ziren iaz, Ixkibi kanpinean antolatutako bazkarian.

Txartelak irailaren 11ra arte eskura daitezke Amaia kafetegian eta Ixkibi kanpinean.

Irailaren 13an, igandean, festa giroan elkartuko dira Ixkibi kanpinean. Iaz bezalaxe, talo jatea antolatu dute denboraldiari bukaera emateko. Mendiluze eta Lizaso bertsolariak gonbidatu dituzte eta 13:30ean beraiek izanen dira festari hasiera emanen dietenak. 14:00etan hasiko da talo jatea. Goizuetako talogile taldea arduratuko da taloak egiteaz. Bazkarirako txartelak irailaren 11ra arte eskura daitezke Amaia kafetegian eta Ixkibi kanpinean. Haurrek, hamalau urtera artekoak, 13 euro ordaindu beharko dituzte eta helduek 28 euro. Bazkaritarako sarrerakoak, taloak, sagar tarta, sagardoa, ardoa, kafea eta kopa izanen dituzte. Bazkaria girotzen, bertsolariak eta Dani eta Ainara trikitilariak ariko dira. Ilunabarrean, toka txapelketa jokatuko dute eta Oxeguardan bi otordu egonen dira jokoan. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun