ANE EGIZABAL LLATA

«K-Stretch metodoarekin lehenbiziko saiotik nabaritzen dira onurak»

Ttipi-Ttapa

Tratamendu gehienak eskuz egiten ditu, baina bestelako teknikak ere baliatzen ditu.

2002ko urrian ireki zituen ateak Leitzako Fisioetxeak.«Zilarrezko ezteiak laster beteko» ditu Ane Egizabal Llata fisioterapeutaren proiektuak. Urtetako esperientzia du bizkarrean, baita ikasi, egokitu eta bezeroen beharretara egokitzeko gogoa ere, «bezeroaren ongizatea da helburua eta horretarako eskura ditudan bitarteko guztiak erabili eta pixkanaka eskaintza egokitzen joan naiz».

Fisioterapia eskuz, osteopatia, akupuntura... Kontsultan tratamendu gehienak eskuz egiten ditu, baina teknologia baliatu eta mina kentzeko lagungarriak diren bestelako teknikak ere erabiltzen ditu: «Sei urte daramatzat Indiba metodoa erabiltzen eta arrakasta handia du bezeroen artean. Beroaren bitartez azkarrago sendatzen eta minak kentzen laguntzen du». Horrekin batera, fisioterapia zerbitzuekin osagarria den dietetika eta elikadura zerbitzua ere eskaintzen dituzte zentroan.

Lesioak sendatzea bezain garrantzitsua izaten da aurretik eta ondoren egiten den lana eta horregatik, ariketa terapeutikoei garrantzia handia ematen die Egizabalek: «ariketa hipopresiboak, abdominalak eta zoru pelbikoa indartzekoak... lantzen ditut eta azken urteetan arrakasta handia izan du kontsultan eskaintzen dudan K-Stretch ikastaroak». Asteko egun bat osorik hartu ohi du K-Stretch  klaseak eskaintzeko: «Azken urteetan asteazkenetan izan dira klaseak eta lau laguneko taldetan, goizez eta arratsaldez eskaintzen ditut».

K-Stretch metodoa

K-Stretch metodoan, hamaka berezi baten gainean egiten dira ariketak: «Lehenbizikoz hamaka ikusten dutenean, batzuk harrituta gelditzen dira. Ez dute uste gorputzaren jarrera zuzentzeko zeinen lagungarria izanen den. Bi plano mugikor ditu hamakak eta hankak eta gorputza mugitzeko aukera ematen du, mugimendua erraztuz. Horrek ariketak muskulu kateen bidez egitea ahalbidetzen du eta gorputza bere osotasunean lantzen da». Hamaka gainean egiten diren ariketa horien bitartez, «gorputzaren kontzientzia» hartzea da asmoa: «mugimendu isolatuak egin beharrean, osotasunean lantzea. Giza gorputzaren fisiologia eta biomekanika errespetatzen dira eta kate muskularren eta faszialen luzaketen bidez egiten da lana». Hamakak dituen bi plano mugikorrei esker, ariketak modu seguruan egitea ahalbidetzen da: «behartu gabe, konpentsazioak desgerrarazten dira eta ariketak egiterakoan gorputza jarrera egokian mantentzen dela bermatzen da». 

Ongizate orokorra

Lehenbiziko saiotik ikusten dira metodo honen onurak eta epe motzean egoera fisikoa hobetzen laguntzen du: «Tentsioak askatzen ditu, giharren malgutasuna eta mugimendua hobetzen du, gorputza indartzen du, gorputzaren jarrera zuzentzen du eta arnasteko ahalmena hobetzen du». Gorputza orekatuta badago,«ongizate orokorrean nabarituko da».

K-Stretch metodoan, arnasketa zaintzea da gakoa: «Ariketa egitetik, ongi egitera aldea dago eta horri behar duen garrantzia ematen diot. Ariketaren erritmoa arnasketak gidatzen du eta hori etxean bakarrik ongi egitea lortzea ez da erraza». Gehienez ere lau laguneko taldetan aritzen da, «horrela saioak behar bezala gidatu eta ikasle bakoitzaren beharrak, egoera, zailtasunak... ikusteko aukera izaten dut. Keinu bakar bat batzuetan aski izaten da oreka osoa lortzeko».

Ariketak egokitzeko modua ere badago «gomak sartzen ditugu, pisuak... hamaika aukera landu daitezke». Abiapuntua, ordea, berdina izaten da denentzat: «Test bat egiten dugu,  oinarrizko lau mugimendu eginez eta horrek aukera ematen digu ikusteko momentu horretan nola gauden». Ordubetez ariketak egiten aritu ondotik, saioaren hasieran egindako testa errepikatzen dute: «Aldea nabaritzen da. Asko harritzen dira lau mugimendu horietatik batean edo bitan hobekuntza nabaritzen dutenean».

Edonorentzat mesede

Edonork egin dezake K-Stretcha, «ez dauka adinik eta segurua da denontzat». Egizabalek dionez onuragarria da gehiegizko gihar tentsioa sufritzen duten pertsonentzat, «gorputza askatzen laguntzen duelako». Baina baita, «gehiegizko esfortzu fisikoaren eta kirolean ohikoak diren keinu errepikakorren ondorioz muskuluetako gainkarga eta artikulazioetako mina sufritzen duten kirolarientzat ere». 

Adineko pertsonentzat ere mesedegarria dela dio: «elastikotasuna eta mugikortasuna berreskuratzeko lagungarria izan daiteke». Emaitzak ikusi ditu denbora gutxian: «Hiru hilabetean alde izugarria ikusten da. Adibidez, besoa goraino igotzeko gai ez izatetik, mugimendu osoa izatera pasatzea. Horrelako hobekuntzak ikustea niretzat ere oso aberasgarria da». Eserita eta gorputz jarrera desegokian ordu asko pasatzen dituztenentzat ere baligarria dela azaldu du Egizabalek, baita haurdun daudenentzat eta erditu ondorengo bizkarreko minak saihestu eta egoera fisikoa hobetu nahi dutenentzat ere. 

Urrian hasiko dira klaseak eta izena emateko epea irekita dago: «Ate irekien jardunaldi bat egiteko asmoa dut irailaren 16an. Goizean eta arratsaldean probatzeko aukera izanen da. Interesa dutenak nirekin harremanetan jar daitezke».

Berak luzatu du gonbidapena: «Etorri eta probatu dezatela. Gorputza lantzeko eta zaintzeko modu berri bat da eskaintzen duguna eta hamaka gainean etzan arte, ez dago jakiterik zer den eskaintzen duguna».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun