Goizuetako Txingurri inguruetan 5,75 hektarea birlandatu dituzte

Ttipi-Ttapa 2026ko irailaren 2a

Goizuetako Txingurri parajean duela hiru urte erretakoa berreskuratu nahi dute.

Goizuetako Udalak Nafarroako Rural Kutxako Gizarte Ekintzarekin lankidetzan egin ditu birlandaketak eta 2023ko suteak erretakoa leheneratzea dute helburu.

Goizuetak 5,75 hektarea birlandatu ditu Txingurri inguruetan, Nafarroako Rural Kutxaren Gizarte Ekintzaren lankidetzari esker. 2023an baimendutako larre erretze batek kontrolpetik alde egin ondotik, lehendik, 2012an egindako birlandaketa baten zati bat kiskali zuen. Espezie kaltetuenetako bat zedro japoniarra izan zen (Cryptomeria japonica). Orduan erretakoa berreskuratzeko, oraingo honetan eskakizun txikiagoa duen espeziea erabiltzea erabaki dute, hala nola, pinu horia (Pinus taeda).

Goizuetako Udalak herriko zuhaiztiak zaintzeko, mantentzeko eta hobetzeko egiten dituen lanen artean sartzen da proiektu hau. Esan dutenez, «kontserbazioa eta prebentzioa udalerriko baliabide naturalen aprobetxamendu jasangarriarekin bateragarri izatea» dute helburu. 

Nafarroako Rural Kutxako Gizarte Ekintzarekin lankidetza

Goizuetako Udalaren eta Nafarroako Rural Kutxaren Gizarte Ekintzaren arteko lankidetza duela hiru urte hasi zen. Bi entitateek orduan sinatu zuten lehenbiziko akordioa, udalak  zuhaiztiak mantentzeko urtero egiten dituen inbertsioak laguntzeko konpromisoa hartuz.

Oraingo honetan, Nafarroako Rural Kutxako Gizarte Ekintzak hasierako inbertsioaren zati handi bat bere gain hartzeaz gain, datozen bost urteetarako aurreikusitako zainketa lanak ere bere gain hartzea adostu dute.

Proiektuaren idazketa eta obra zuzendaritza Basartea enpresari esleitu zaizkio 4.785,92 euroko kostuarekin, BEZa barne. Inbertsio hau Goizuetako Udalak bere gain hartu du osorik. Berdabio Basogintza enpresak egin ditu landatze lanak, eta 48.683,22 eurotan, BEZa barne.

Nafarroako Rural Kutxako Gizarte Ekintzak  eta Goizuetako Udalak sinatutako lankidetza hitzarmenari esker, jarduera horiek guztiak egin ahal izanen dira. Hala, Goizuetako Udalak eta Nafarroako Rural Kutxako Gizarte Ekintzak berretsi egiten dute herriko mendien kudeaketa iraunkorrarekin duten konpromisoa, «suteek kaltetutako eremuak berreskuratzea zuhaiztien kontserbazioarekin eta epe luzerako aprobetxamendu arduratsuarekin uztartuz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun