Leitzako Anikote kiroldegiak ikastaro berriak eskainiko ditu ikasturte honetan

Ttipi-Ttapa 2026ko irailaren 1a

Eskaintza zabala aurtengoa Leitzako Anikoten.

Leitzako Anikote kiroldegiak 2026-2027 ikasturterako helduentzako eskaintza zabaldu egin du, aitzineko urtetako ikastaro eskaintza mantenduz. Aurtengoan lau ikastaro berri eskainiko ditu kiroldegiak eta hauek izen ematearen aitzinetik probatzeko aukera izanen dute interesatuek. Lau ikastaro berrien artetik, bat jubilatuentzat zuzenduta egonen da. Izen ematea kiroldegira bertaratuz edo webgunetik egin ahal izanen da.

Ailegatzear dagoen ikasturte honetarako, Anikote Leitzako kiroldegiak Cross trainingHybrid, Indar funtzionala eta Anikote osasuntsu izendatutako ikastaroak eskainiko ditu. Eskaintza berri hauetan izen ematearen aitzinetik ikastaroak doan probatzeko aukera emanen du kiroldegiak, irailaren 3an, goiz eta arratsaldez.

  • Cross training (probatzeko aukera 2026/09/03 18:00-19:00)

Mugimendu ezberdinetan oinarritutako intentsitate altuko baldintza fisikoko sistema bat da. Gimnasia olinpikoko, pisu-jasotzeko eta lan metabolikoko elementuak uztartzen dituen ikastaroa. Helburu bezala, gaitasun fisiko orokorrak hobetzea da. 

  • Hybrid (probatzeko aukera 2026/09/03 17:00-18:00)

Muturreko indarra eta iraupen erresistentzia konbinatzen dituen entrenamendua da. Kilo asko jasotzeko eta aldi berean, lasterketetan ongi ibiltzeko helburuak jasotzen ditu ikastaroak. 

  • Indar funtzionala (probatzeko aukera 2026/09/03 12:15-13:15)

Ikastaro honen helburua gorputzaren indar erabilgarria hobetzea da, eguneroko bizitzako jarduerak errazten eta indartzen dituzten mugimenduak aplikatuz. Helburua ez da gihar zehatz bat lantzea, gorputzak bere osotasunean unitate eraginkor moduan funtzionatze baizik.

  • Anikote osasuntsu  (probatzeko aukera 2026/09/03 11:15-12:15)

Kirol errezeta programan parte hartu izan duten pertsonei edota parte hartu ez duten baina arrisku kardiobaskularra edo bertzelako patologiak dituzten pertsonei bideratuta dagoen kiroldegiko eskaintza da. Taldean lan egiteko aukera eman, programa zehatz batekin jardun eta ariketa espezifikoak eta pertsona bakoitzaren behar eta errealitatera egokitzea baimentzen du ikastaroak. 

Bertzetik, berrikuntza moduan ere bai, goizeko ikastaroa eskainiko dute ikasturte honetan. 07:15etan hasiko den saioa eskainiko da lanera joan aitzinetik kirola egin nahi duten horientzat. 

Iraiaren hirugarrenean jarduerak doan probatzeko aukera izan nahi baduzu, irailaren 1an edo 2an kiroldegiko harreran izena eman beharko duzu.

Bertzetik, urriaren 5etik maiatzaren 28ra iraunen duen ikasturteko ikastaroren batera apuntatu nahi dutenek, irailaren 7tik 9ra eman beharko dute izena kiroldegiko bazkideak izanez gero, irailaren 10ean edo 11an kiroldegiko bazkidea ez direnek baina aurreko denboraldian ikastaroen azken txandan parte izan zirenak, eta azkenik, irailaren 14ean edo 15ean ikastaroren batera apuntatu nahi duten gainontzekoek.

Epez kanpo apuntatzen den edonork lehentasuna galduko duela azpimarratu dute.  

Ikastaroetan izena emateko bi modu izanen dira. Alde batetik, www.leitza.reservas24h.es-en bidez, bertzea, kiroldegira harrerara bertaratuz. Bi zatitan ordaintzeko aukera egonen da ere bai, kuota bakarrean ordaindu nahi edo ahal ez duenarentzat. 

Kiroldegira izena ematera bertaratuz gero, datu pertsonalak eta bankuko txartela eramatea beharrezkoa da, eta bi kuotetan ordaintzea erabakitzen duten horiek soilik, kontu korrontearen zenbakia ere eraman beharko dute.

Iraiaren 11 baino lehen bazkide eginez gero, matrikula doan egin aha izango duzu. 15,43 euro ordainduz hilean. 

 

 

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun