Zaindu Leitzaldeak bigarren eskuko denda likidazioan jarri du

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 28a

Landa industrialdean dago denda eta beste erabilera bat eman nahi diote.

Dendari eskainitako espazioa «proiektu berri baterako berrerabili» nahi dutela jakinarazi dute Zaindu Leitzaldeako arduradunek.

2025eko urtarrilaren 22an ireki zuten Leitzan bigarren eskuko arropen eta osagarrien denda. Mendialdea Mankomunitateak eta Zaindu Leitzaldeak elkarlanean osatu zuten proiektua, «arropa eta osagarriei bizi berri bat eman, ekonomia zirkularra bultzatu eta kontsumo eredu berriak sustatzeko asmoz». Gaur goizean jakinarazi proiektu honi bukaera emateko erabakia hartu dutela: «Landa industrialdean dagoen bigarren eskuko arropa denda likidazioan jarri dugu». Proiektuak bere fruituak eman dituela azaldu dute: «Arropa eta konplementu pila birziklatu eta berrerabili dira, jendeak arropa ona ekarri du berriz merkaturatzeko eta nahi zuten guztiek eskuragarri izan dute oso baldintza onetan».Orain ordea, proiektu berri batekin hasteko erabakia hartu dute:«Leitza eta Beteluko udalekin, LAGA Mankomunitatearekin, Cederna-Garalurrekin eta eskualdeko beste zenbait eragilekin batera Mendialdea Biziberritzen proiektua jarriko dugu martxan». Horretarako, gaur egun arropa dendak betetzen duen tokia behar dute: «Espazioa bera birziklatuko dugu».

Bukatzeko, eskerrak ere eman nahi izan dizkiete bigarren eskuko dendaren proiektuan parte hartu duten guztiei: «Mila esker hainbeste arropa on eta dotore ekarri duzuenoi, mila esker Mendialdea Mankomunitateari, elkarlanean proiektu hau gurekin altxatzeagatik, eta mila mila esker hau posible egin eta gauzatu duzuen lantaldeari».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun