Plentzian eta Bakion erabakiko dira Emakume Master Cupeko Urrezko Ligara sailkatuko diren bikoteak

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 28a

Goiuri Zabaleta leitzarrak eta Erasunek osatutako bikotea larunbatean Plentzian eta igandean Bakion ariko dira. Alize Sagardui goizuetarra eta Mendizabal ere halaxe ariko dira, baina ez dute elkarren kontra jokatuko.

Jaialdi ugari jokatu ondotik, Udako Master Laboral Kutxa eskuz binakako torneoa ari da bere unerik erabakigarrienera heltzen eta asteburu honetan Plentzian eta Bakion jokatuko diren bi jaialdi handietan erabakiko da irailean zehar jokatuko den urrezko ligaxka jokatuko duten bikoteen izenak.

Alize Sagardui goizuetarrak (Mendizabalekin) eta Goiuri Zabaleta leitzarrak (Erasunekin) azken fasera sailkatzeko aukerak dituzte

Gauzak estu daude eta posible da igande arratsaldez Bakion jokatuko den azken partida bukatu arte ez ezagutzea hurrengo fasera sailkatuko diren hiru bikoteen izenak. Gogoratu, multzo bakoitzeko bikoterik onenak eta bi multzoetako bigarren onenak lortuko dutela irailaren 6an Artziniegan hasiko den Urrezko ligarako sailkatzea. Asteburu honetan, A multzoko azken jardunaldiak jokatuko dituzte.

Abuztuaren 29an, larunbatean 19:00etan Plentzian hasiko den jaialdiko lehen partidan, Alize Sagardui goizuetarra eta Mendizabal, Arrizabalagaren eta Zabalaren kontra ariko dira eta, bigarrenean, Goiuri Zabaleta leitzarra eta Erasun, Etxegarairen eta Bergararen kontra.

Protagonista berak, baina partidak aldatuta, ariko dira abuztuaren 30ean, igandean 19:00etan Bakion hasiko den jaialdian. Lehen partidan, Alize Sagardui goizuetarra eta Mendizabal, Etxegarairen eta Bergararen kontra ariko dira eta, bigarrenean, Goiuri Zabaleta leitzarra eta Erasun, Arrizabalagaren eta Zabalaren kontra.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun