Goizuetako eskola zaharren eraikina birgaitzeko lanak irailean hasiko dituzte

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 25a

2027ko uztailerako lanak bukatzea aurreikusten dute.

Eraikina osorik birgaituko dute, bi etxebizitza sozial eta komunitate gune berriak sortzeko.

Goizuetako Udalak eskola zaharren eraikinari bizitza berria eman eta herritarren beharrei erantzunen dien «espazio anitza eta komunitarioa» sortu nahi du: «Herrian bizitzeko eta elkarbizitzeko aukera berriak sortzea da asmoa». 

Hala, alokairu eskuragarrira bideratutako bi etxebizitza sortuko dituzte eraikinean. Era berean, beheko solairua irisgarria izateko beharrezko neurriak hartuko dituzte eta eraikinaren erabilgarritasuna eta erosotasuna hobetuko dituzte. 

Udalak dituen bi lokalak ere egokituko dituzte. Dantzetako lokalean komun irisgarria jarriko dute eta klimatizazioa hobetzeko ekipamendu berriak instalatuko dituzte.

Proiektuaren atal nagusietako bat gaur egun guraso elkarteak erabiltzen duen lokalaren egokitzapena izanen da. Espazio hau Goinarri proiektuaren kokalekua izanen da eta bertan, ludoteka, liburutegia, ikasteko eta lanerako gelak sortuko dituzte. Lokalaren kudeaketa irekia eta komunitarioa izanen da eta «herritarren behar sozialak, kulturalak eta aisialdikoak bete eta herriko komunitate bizitza indartu» nahi dituzte.

Proiektuak duen kostuaren zati handi bat Nafarroako Gobernuaren dirulaguntzen bidez finantzatuko dute. 282.941,95 euroko dirulaguntza jaso dute Nafarroako Gobernuak despopulazioari aurre egiteko deitutako laguntza programaren barruan. Horretaz gain, udalak 120.000 euroko dirulaguntza eskuratu du Nafarroako Gobernuaren Etxebizitza Departamentutik, babestutako birgaitzerako. 

Goizuetako Udalak lanak esleitzeko egindako prozeduran, Jose Etxabe Eraikuntza izan da enpresa irabazlea. Obrak 2026ko irailean hastea aurreikusten dute eta 2027ko uztailean bukatzea. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun