Lurra ez da sekula lur hutsa.
Memoria da.
Identitatea da.
Kultura da.
Eta etorkizuna eraikitzeko aukera.
Herri bat ez da bonbekin bakarrik suntsitzen. Suntsiketa herri batek bere burua elikatzeko gaitasuna eta autonomia galtzen dituenean hasten da. Bere lurra uztera behartzen dutenean. Eta bere lurraren gainean erabakitzeko eskubidea kentzen diotenean.
Hori da Palestina.
Ez da okupatutako lurralde bat besterik. Sionismoak beren lurretatik errotik kanporatu nahi duen herri bat da, herri baten eta hura elikatzen duen lurraren arteko loturarik zaharrena hausteko. Kolonialismoak ez baitu inoiz lurra konkistatzea soilik bilatu. Bertan bizi direnen bizitza ezinezko bihurtzea izan du helburu.
Horregatik suntsitzen dituzte olibondoak.
Horregatik suntsitzen dituzte haziak.
Horregatik suntsitzen dituzte soroak.
Horregatik bonbardatzen dituzte okindegiak.
Horregatik pozoitzen dituzte ura eta elikagaiak.
Elikadura kontrolatzen duenak bizitza kontrolatzen duelako. Eta bizitza kontrolatzen duenak askatasuna ere kontrolatzen duelako. Palestina ez da kausa humanitario hutsa. Kausa politikoa da.
Palestinaren borroka herri batek bizirik irauteko egiten duen borroka da, sionismoak gidatutako eta inperialismoaren interesek babestutako proiektu kolonial baten aurrean. Eta, aldi berean, lurra, ura, elikagaiak eta bizitza bera merkantzia bihurtzen dituen sistemaren ispilu ankerrena ere bada.
Kapitalismoaren garaipen handienetako bat izan da askatasuna edozer erosteko ahalmena dela sinestaraztea. Nik ordea kontrakoa sinesten dut. Askatasuna gure bizitzaren zati bat geuk sortzeko gai garenean hasten da. Komunitate batek bere arbasoen haziak gordetzen dituenean. Familia batek bere baratzea lantzen duenean. Herri batek merkatuaren edo armada baten agindurik gabe bere lurrarekin zer egin erabakitzen duenean.
Emakume gaztea naiz, Goizuetako baserri txiki batean bizi dena. Nire ikuspegi internazionalista nondik datorren galdetzen badidazue, erantzuna argia da. Lurra zaintzen denean nola erantzuten duen ikusita jaio zen. Orduan ulertu nuen lurra ereitea ere politika egitea dela. Etxean jango duguna lantzea ez dela janaria ekoiztea bakarrik. Mundua ulertzeko beste modu baten alde egitea dela.
Ez dut baserria idealizatzen. Badakit landa munduak ere bere kontraesanak dituela. Baina oraindik ere sinesten dut badagoela zerbait benetan iraultzailea lurra zaintzean, etekin ekonomiko hutsera mugatu gabe. Ereiten dugun tomate bakoitza. Partekatzen dugun letxuga bakoitza. Lurrera itzultzen den arbasoen hazi bakoitza. Merkatuaren menpe bizi gaitezen behar duen sistema baten aurkako garaipen txiki bat da.
Horregatik uste dut Euskal Herriko baserri txiki bateko emakume batek askoz gehiago duela amankomunean bere lurretik kanporatutako emakume nekazari palestinar batekin, landa negozio huts gisa ulertzen dutenekin baino. Ez gure errealitateak berdinak direlako. Ez dira. Baizik eta ziurtasun bera partekatzen dugulako. Lurra ez da merkantzia. Askatasunaren oinarri materiala da.
Marghwaz pentsatzen dut. Sionismoak etxea, olibondoak, uzta eta ura kendu nahi izan dizkion emakume nekazari batean. Eta betidanik berea izan den lurrean bizitzen jarraitzeko eskubidea ere kendu diote.
Nire bi tomateak eta lau letxugak ez dira inoiz Gazara iritsiko. Baina ideia bat daramate. Herri batek ez lukeela inoiz okupatzailearen menpe bizi behar bere burua elikatzeko. Elikagaiak ekoiztea ekintza politikoa delako eta lurra zaintzea: erresistentzia.
Eta, hala ere, azken egunotan berriro ohartu naiz kausa justuen alde lanean ari direla diotenen diskurtso horren atzean berehala agertzen dela saihestu ezinezko kontraesan bat. Palestina auzia aldarrikatzen da. Eta arrazoiz gainera. Baina begirada norberaren herrira itzultzen denean…
Lurra ez da jada memoria.
Ez da kultura.
Ez da askatasuna.
Baliabide hutsa bihurtzen da. Jabetza eta negozioa.
Orduan ulertu dut batzuentzat internazionalismoa baserrirako bidean amaitzen dela. Zein erraza den kolonialismoa salatzea milaka kilometrora gertatzen denean. Eta zein zaila den hemen bertan, merkatuaren logikatik ihes egiten saiatzen direnen duintasuna aitortzea.
Orduan konturatu naiz arazoa ez dela Palestina. Arazoa begirada dela. Lurra jabetza huts gisa ulertzen duenak, inbertsio gisa ulertzen duenak edo etekin ekonomikoaren arabera soilik neurtzen duenak, nekez ulertuko du zergatik den herri bat bere lurra ez uzteagatik bizia emateko gai. Palestinako lurrak helburu militar bihurtzen dituen logika berak bihurtzen du hemen lurra aktibo ekonomiko.
Eskala aldatzen da. Ondorioak aldatzen dira. Baina begirada ez.
Lurrak komunitatea izateari uzten dio. Baliabide bihurtzen da. Etxea izateari uzten dio. Negozio bihurtzen da.
Elkartasuna ez da herri batek bere lurra galtzen duenean haserretzea bakarrik. Oraindik lurra zaintzen dutenen balio politikoa aitortzea ere bada.
Nik uko egiten diot begirada horri, besteak beste:
Internazionalista naizelako.
Antifaxista naizelako.
Antisionista naizelako.
Ez baitut sinesten herri bat benetan aske izan daitekeenik beste herri bat kolonizatua den bitartean. Eta ez baitut sinesten gu ere inoiz erabat aske izango garenik, ekoiztea baino erostea garrantzitsuagoa dela sinestarazi digun sistema baten mende bizi garen bitartean. Kontsumitzea zaintzea baino garrantzitsuagoa dela.
Palestina defendatzea ez da genozidioaren amaiera eskatzea bakarrik. Herriek ereiten, zaintzen eta beren lurraren gainean erabakitzen jarraitu ahal izango duten mundu baten alde egitea ere bada.
Agian horregatik sinesten dut oraindik baserrian. Ez iraganarekiko nostalgiagatik, baizik eta beste etorkizun bat irudikatzeko geratzen zaigun lubaki txikietako bat delako.
Ezin ditut Gazaren gainera erortzen diren bonbak gelditu. Ezin dizkiot Marghwari olibondoak itzuli. Ezin dut bere etxea berreraiki. Baina bai uko egin diezaioket lurra merkantzia hutsa bihurtu duen mundu bati. Ereiten jarrai dezaket. Lurra zaintzen jarrai dezaket. Partekatzen jarrai dezaket. Sinesten jarrai dezaket gordetzen den hazi bakoitza ahanzturaren aurkako garaipen txiki bat dela. Baratze bakoitza merkatuaren logikaren porrot txiki bat dela. Eta kapitalari baimenik eskatu gabe bizitza elikatzeko gai den jendea dagoen bitartean, askatasunarentzat lekua izango dela.
Horregatik nire bi tomateak eta lau letxugak ez dira inoiz Palestinara iritsiko. Baina haien izena daramate. Marghwaren olibondoen mundu berekoak direlako.
Lurra inoren jabetza ez dela ulertzen dutenen mundukoak.
Lurra zaindu egiten da.
Landu egiten da.
Partekatu egiten da.
Eta, behar denean, defendatu eginen dugu!