Finalerdian Arrizabalaga menpereratu ondotik, Salsamendiren kontrako finalean ere garaile izan da leitzarra bart arratsean
Plaza gutxi izango dira Leitzakoak adinako artista kopurua atera dituena eta oraintxe bertan Goiuri Zabaleta da herri oso pilotazale horren eskolaren erakuslerik handiena. Aurreko koadroetan magia duen pilotaria da, zuloak topatzen trebea eta efektuekin aurkariei mina egiten iaioa eta Zarauzko malekoiko ez ohiko pilotalekuan bere saltsan aritu da. Lehenengo, finalerdian txikitu egin du bere lekua topatu ezinik aritu den Olatz Arrizabalaga (10-2 eta 10-1) eta nafarren arteko finalean ere merezita irabazi dio Laia Salsamendiri, horretarako hirugarren jokoa behar izan badu ere (10-5, 9-10 eta 5-3). Izabako aurrelariak ere erraz egin du aurrera ilunabarreko lehen partidan, Nora Mendizabali, lauen artean atzelari bakarrari (10-7 eta 10-3) gailenduta.
Bigarren jokoak azken unean eskuetatik ihes egin badio ere, 9-6 aurretik joan da, finala nahiko kontrolpean izan du Zabaletak. Indarrak baino, arrastoak bilatzeak eta aurkaria alderik alde ibiltzeak balio du kirol modalitate ikusgarri honetan eta horretan, gaur egun, Goiuri Zabaleta artistetan artistena da. Poztekoa izan da baita ere, mugimenduetan horren exijentea den pilota molde honetan, bi lesio horren larri pasa dituen Laia Salsamendi erabat osatua dagoela berresteak eta Izabakoak ere maila polita eman du, batez ere finalaren azken txanpan tanto oso politak utzi dituztelarik. Pilota goxoarekin, eskuin eskuan izan ditu arazoak Uharteko klubean hazitako aurrelariak, baina ezkerrez bikain amaitu ditu tantoak.
Nesken txapelketa hasi aurretik, Zarauzko pilota eskolako gazteek ere izan dute pilotaleku iragankor honetan probatzeko aukera eta, eguraldia lagun, pilota egun borobila izan da Zarautzen.