Uraren kontsumoaren inguruko bandoa plazaratu dute Leitzan ere

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 4a

Leitzako igerilekua bi egunez gutxienez itxita dago eta ur deposituaren arabera, erabakiko da itxita jarraitu behar duen, ordu batzuetarako ireki daitekeen edo egun osoz itxiko den.

Leitzan ere, beste hainbat tokitan bezala, lehorte luzea eta bero olatu latzak herriko iturrietan eragina oso handia izaten ari dira. Ondorioz, herriko ur depositura iristen ari den ur kopurua ohi baino askoz eskasagoa izaten ari da. Ur-depositutik ateratzen ari den ur kopurua, berriz, eta herrian kontsumitzen ari den ur kopurua, oso handia izaten ari da.

Herriko ura itxiko dute gauez abuztuaren 3tik 7ra eta igerilekua ere itxita dago abuztuaren 3an eta 4an gutxienez

Herriko pestak ere gainean dituzte eta horrek ere ur kontsumoan eragina izaten du. Egoera sakon aztertuta eta ur eskasiak ondorio larriak eragin baino lehen, Leitzako Udalak zenbait neurri eta gomendio adostu ditu. Lehenik, abuztuaren 3tik 7ra, biak barne, herriko ura gauez ixtea, 23:00etatik 06:00etara., abuztuaren 8rako herriko ur deposituari bere maila berreskuratzen laguntzeko. Uraren erabilera garaiz antolatzeko deia egin du udalak, mozketa horrek sor litzakeen eragozpenak saihesteko.

Honakoak debekatuak daude: Jardinak ureztatzea, etxebizitzetako igerilekuak urez betetzea eta kotxeak garbitzea.

Horretaz gain, kontsumo arduratsua egitea eskatu du Leitzako Udalak baratzetan, etxeko kontsumoan (arropa-garbigailuak, plater garbigailuak, dutxa…) eta oro har, uraren edozein kontsumotan.

Igerilekua ere itxita dago abuztuaren 3an eta 4an. Abuztuaren 5etik aurrera, herriko ur-deposituaren arabera, erabakiko da itxita jarraitu behar duen, ordu batzuetarako ireki daitekeen, edo egun osoz itxiko den.

Neurri eta gomendio hauek ez badute egoera hobetzea lortzen, neurri eta murrizketa hauekin jarraitu edo gehiago hartu beharko diren aztertu eta erabakiko du Leitzako Udalak: «Ezinbestekoa da denok uraren kontsumo arduratsua egitea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun