Abuztuaren 3an jokatuko dute lau pilotarik euskal pilotaren jokamolde berri eta ikusgarrian
Azkenaldian, Nazioarteko Pilota Federazioak eskuzko jokamoldeak zabaltzeko ahaleginaren ondorioz, one wall eta handball bezalako jokamoldeak gero eta ezagunagoak dira gure artean, gure kirolariek ere emaitza ederrak lortu dituzte zenbait txapelketetan eta bide horretatik, modalitate berri horien abiadura eta ikusgarritasuna eta ezker pareta uztartzeko ahalegina da kale-pilota. Gure herriko pilotalekuetan ez zaigu arrotza gaztetxo eta ez hain gaztetxoak atzeko txokoan, erreboteak eta ezker paretak bat egiten duten inguru horretan jokatzea eta nolabait esateko, kale-pilota atzeko txokoko jokamoldea litzateke, araututa eta neurri txikiagoko pilotaleku eramangarri batean jokatuta.
Indarra baino, zuloak ikusteko ahalmena eta marrak topatzeko ahalmena goratzen dituen pilota moldea litzateke kale-pilota, aurreko koadroetako joko bizia eta artistei luzimendurako bidea emango diena. Kadete mailako pilotaren diametroa duen pilota goxoarekin jokatzen den jokamolde honetan arituko dira abuztuaren 3ko arratsaldeak eta gauak bat egingo duten momentu magiko horretan. Laia Salsamendik eta Nora Mendizabalek jokatuko dute lehen finalerdia eta Goiuri Zabaleta eta Olatz Arrizabalaga neurtuko dira bigarrenean. Jarraian, bi partidetako garaileek final nagusia jokatuko dute. ETBk partida guztiak zuzenean eskainiko ditu, EtbOn-en hasi eta ETB-1n amaitu.
Gainera, Zarauzko pilota klubeko gaztetxoek ere izango dute pilotaleku berri honetan jokatzeko aukerarik, 18:00etan hasi eta 20:00ak arte, banakako 18 partida jokatuko baitira bertan.