«Mundiala izaten da Peñaren Egunean sortzen den giroa»

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 13a

Esteban Arotzenak «Goizueta zale amorratua» dela esanez aurkeztu du bere burua.

Esteban AROTZENA MITXELENA, Goizuetako saltseroa.

«69 urteko Goizueta zale amorratua» dela esanez aurkeztu du bere burua Esteban Arotzena Mitxelenak eta bere solasak aditzen dituenak nabarituko du zenbaterainokoa den zaletasuna.  Hala, herriaren alde «ahal duen guztia» ematen saiatu izan da herriko hainbat erakunde eta mugimendutan ibiliz:  «Zortzi urtez kultura, euskara eta festetako zinegotzia izan nintzen.  Orain dela bi urtera arte festetako komisioan egon naiz eta bertso saioa antolatzeko ardura ere izan dut».

Pauso bat atzera eman eta erreleboa eman du orain: «positiboa da aldaketa hori eman dela ikustea, lanerako jendea badagoela esan nahi duelako. Auzolana da hori ere, Batzuetan ikusten ez den lana da, baina beste auzolana bezain beharrezkoa».

Ardura batzuk alde batera utzi dituen arren, bada oraindik mantentzen duen lan bat: «Ikastolako txosnan lau orduko txanda mantentzen dugu eta zutik irauteko moduan gauden bitartean horretan segiko dugu». 1979an jarri zuten lehenbizikoz txosna herriko ikastola finantzatzeko: «garai batean 24 orduz egoten zen irekia eta ikastola itxi zenean, festari ikaragarrizko ekarpena egiten zitzaiola ikusita, horri segida ematea erabaki genuen».

Festazalea dela nabari zaio Arotzenari eta bere neurriaren barrenean «topera» bizi dituela kontatu du: «Urtetik urtera motxagoa da neurri hori, baina bueltaxka bat egunero egiten dugu». Festak, batez ere, familia giroan bizi dituela azaldu du: «Familiako txokoa badugu eta hor elkartzen gara egunero. abuztuaren 14ko afarian hasi eta 17ko bazkarira arte». Kuadrilla ederra izaten dira: «30 bat lagun egunero. Txikienak lau urte ditu eta nire arreba zaharrenak 80 urtetik goiti. Goizuetako festetarako etortzen dira kanpoan bizi direnak ere».

Esteban Arotzena bere bi alabekin.

Bada, ordea, kuadrillarekin ezinbestean bizi beharreko egun bat: «Peñaren Eguna. Festetako egunik bereziena da. Barren barrenean daukadana». Egunaren laburpena ere egin du: «Eguerdian poteoa, gero bazkaria. Lotu ez gara egiten, gogor xamarra delako kalejira hori eta poteoan ibiltzen gara tarte horretan. Gero, Gaixoa ni eta indarrak ahitu arte eusten diogu duintasun osoz. Batzuetan, duintasun askorik gabe bukatzen dugun arren». Azken urteetan giroa zertxobait apaldu den arren, «beti izanen du xarma berezia». Azaldu du, herritarren bataz besteko adina igo denez, orain ez dela hainbeste jende lotzen: «kalejira ez da xamurra, baina oraindik ere erdiak baino gehiago lotzen dira eta momentu oso bereziak sortzen dira».

Festetako uniformea

Abuztuaren 18an ez dago jakiterik zer kolore hartuko duten soinean eramanen dituen jantziek. Etxetik «festetako uniformea» jantzita aterako dela segurua da: «Egunero zuriz janzten naiz eta soinean beti blusa berdea eramaten dut». Orain dela urte batzuk, egin zuten herrian ohitura hori zabaltzeko saiakera: «Orain kolore zuri, berde eta gorriak herriaren ikurrak bihurtu dira eta nik uste, ohitura gehiagora doala». Herri osora zabaldu da, «garai batean, ez zegoen ongi ikusia peñakoa ez zen batek blusa berdea janztea. Purista hutsak ginen. Azken urteetan aldatu dira gauzak eta orain haur bat jaiotzen denean, nahi eta nahi ez haurrari egiten zaion lehenbiziko oparia izaten da blusa».

Festetan aldaketa

Aldaketa guztiak ez dira hoberako izan, «festa ederrak dira oraindik ere, baina giroa zertxobait apaldu dela iruditzen zait. Goizuetan orain dela 15 urte hemen ez zen egun txarrik izaten, beti topera egoten zen; berdin zuen astez edo asteburuan tokatzea». Ikaragarrizko festak izaten zirela aipatu du: «Sona handia zuten Euskal Herri osoan. Hori jaitsi egin da». Hainbat faktorek eragin dute horretan: «Etorri behar duenak kotxez etorri behar du, garraio zerbitzua eskasa delako. Alkoholemia kontrolak ere maiz jartzen dituzte eta gaur egun, horrek asko mugatzen du». Gainera, jendeak lehen baino parranda gutxiago egiten du: «Gure gazte garaian egunero ateratzen ginen, ez genuen planteatzen gau batean ez ateratzea. Ordubiak arte edo seiak arte… baina atera. Gaur egun, gazteek abuztuaren 14an, 16an eta 18an egiten dute parranda eta 17an ez da katurik izaten».

Goizuetako festak antolatzeko orduan udalak ahalegin ikaragarria egiten duela nabarmendu du Arotzenak: «Euskal Herri osoan ez dira udal asko izanen biztanleko Goizuetako Udalak adina diru gastatzen duenik. 700 biztanle eskaseko herriak 50.000 euro gastatzen ditu festetan». Festak antolatzeko orduan garai bateko egitura mantentzen dutelako da hori:«Garai batean pinudiak saltzen genituen festa aurrean eta kontzertuak antolatzeko erabiltzen genuen». Baso ustiaketatik lortzen zuten diruari esker, festak antolatzea oso erraza izaten zela aitortu du: «dirua bagenuelako. Euskal Herriko berbena ezagunenak etortzen ziren. Joselu Anaiak, Egan, Gozategi... eta gazte asanbladak antolatutako beste hainbeste». Orain diru sarrera horiek bukatu diren arren, garai bateko dizdira mantentzeko ahalegina egiten dute: «Festak antolatzen dituenak egitura horri eutsi nahi dio. Esate baterako betizuak eta egunero txaranga izaten dira. Zer herritan dagoen egunero 12 edo 13 laguneko txaranga bat? Baina,  nork kenduko du hori?».

Ekitaldiak ekitaldi, herritarren esku dago festa giroa sortzea eta horrekin lotuta, mezua zabaldu du Arotzenak: «Orain arte bezala segitzeko, eusteko Goizuetak duen festa giroari eta inguruko jendeari ere gonbidatu. Zuriz, berdez eta gorriz jantzi eta eman diezaiogun kolorea herriari».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun