Bestak 2026

«Oso pozgarria izan da egiten dudan lana herritarrek baloratzen dutela ikustea»

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 6a

2015ean hasi zen Txoko herriko garbitzaile lanetan.

Joxe Ramon CABALLERO LIZARTZA, Txoko, Leitzako pestetako txupinazoa botako du

Herria txukun egoteko norbaitek astindu behar izaten du eskoba. Badaki zerbait hortaz Joxe Ramon Caballero Lizartza Txokok: «2015ean hasi nintzen herriko garbitzaile lanetan eta pesta egunetan laguntzaileak izaten ditudan arren, urteko beste egun guztietan neronek bakarrik garbitzen dut herri osoa». Aitortu du lanean ari denarentzat ez dela lan eskertua, «garbitu eta ordu gutxirako zikina dago. Gero denok nahi dugu herria garbi egotea». Badirudi jendeak eskertzen duela egiten duena eta badu horren froga; pestetako suziria botatzeko aukeratu dute herritarrek.

Harrituta eta hunkituta jaso du berria: «Ezusteko handia izan da.  Zerbait ongi egin izanen dugu... Beste hautagaiak ikerlariak eta bertsolariak ziren eta ez nuen espero ni aukeratzea. Azkenean ikerlariekin batera botako dut txupinazoa eta polita da momentu hori konpartitzea». Geroztik, jende asko gerturatu zaio zoriontzera: «Polita da jendearen berotasun hori sentitzea. Jendeak esaten didana da, beti umoretsu aritzen naizela lanean... Aurpegiz hala ematen du, baina barrendik izaten da batzuetan prozesio pixka bat». 

Kalea lantoki

Dena ez baita urre kolorekoa: «Kalea da nire lantokia, bere alde on eta txarrekin. Kaleak jendearekin harreman zuzena izateko aukera ematen dizu, baina eguraldiaren menpe zaude. Datorrena hartu behar duzu. Neguan uretako galtza eta txaketarekin, beti blai eginda, eta udan bero».

Goizeko zazpi eta erdiak aldera hasten du lanaldia: «Astean jai egun bakarra izaten dut, larunbata. Horixe da lan honek duen alde txarra, oso lotua dela. Larunbateko atsedenaren truke, igandean garbitzeko doble izaten da». Denek jai izaten dutenetan  lan egitera ohitua dago: «Sekula baino lan gehiago gainera... Astez igualeko ederki aritzen da betiko martxan».

Kale nagusia, alde zaharra, auzoak... Egunaren buruan «kilometro dezente» egiten ditu: «Ibilbide batzuk osatuak ditut, lana banatzeko. Kale nagusia astean lauzpabost aldiz egiten dut eta eskola inguruak aste erdian eta igandean, astelehenerako dena txukun uzteko». Alde zaharra izaten omen da urtean zehar lasaiena, baina horrek ere badu engainua: «Arbolek udazkenean lan ederra ematen dute hostoekin».  Pipa azalek ere nahikoa buruhauste ematen dizkiote: «Gure garaian ez zen pipa azalik izaten, ez genuen eta erosteko dirurik izaten. Plazan aritzen ginen jostaketan eta noizean behin zinera joaten ginen Cantinflasen pelikularen bat ikustera. Orain pipak, bestelako goxokiak... denetarik izaten dituzte eta edukiontzia eskura izan arren, asko dira azalak, pataten zorroak... lurrera botatzen dituztenak. Hori ez dut ulertzen». Galdera ere egiten dio maiz bere buruari: «Zikintzen duena ez al da konturatzen bere kalterako ari dela?». Galdutakoak biltzeko lana ere ez zaio falta: «karrapean uzten ditut ahaztuta uzten dituzten arropak, patineteak, patinak… zintzilik».

Kaleak inoiz baino garbiago zeuden garaiak ere gogoan ditu: «Pandemian kalean ni bakarrik ibiltzen nintzen. Ez nintzen etxean sartuta erotu. Orduan ez zen zaborrik pilatzen, baina tristea zen egoera. Lan gehiago dakarren arren, kaleak jendez beteta nahi ditut nik».

Pestaren arrastoa

Pestak utzitako arrastoak urte mordoxkatan garbitu behar izan ditu Txokok: «Lehengo urtean herriko pestetan jai izan nuen eta aurten ere hala izanen dut, baina urte askotan aritu izan naiz lanean». Herriko pestak aipatzen dira, baina kontuan izan behar da egutegian gorriz seinalatutako egun dezente izaten direla urtean zehar: «Leitzan edozein aitzakia aski da pestarako: ihauteak, Sagardoaren Eguna, Aurrera Eguna...». Urtetako esperientziari esker, dagoeneko aurreikus dezake non izanen duen lana: «Badakit garbi non egonen diren zerrikeria guztiak. Non topatuko ditudan txota, zaldia eta erregea».

«Herria txukun eta garbi ikusi nahi dugu. Zikintzen duena ez al da konturatzen bere kalterako ari dela?»

Lan karga handiena duten momentua herriko pestetan izaten dela azpimarratu du: «Enpresatik jende gehiago bidaltzen dute egun horietan laguntzera. Pertsona bakarrak egitea ezinezkoa da. Presaka lan egin behar izaten da, kale nagusiak 09:00etako entzierrorako garbi-garbi egon behar duelako».  Pestaz denek gozatu behar dutela azpimarratu du: «gauez ibili denak, baina baita egunez ateratzen denak ere». Lana errazteko, hartuak ditu baligarriak zaizkion hainbat errutina: «pestaren bat denean lanean hasi baino bi ordu lehenago erronda bat  egiteko ohitura dut beti. Panorama ikustera etortzen naiz eta horrela beste garbitzaileak etortzen direnerako prest izaten dut behar dugun erreminta».

Garbitzaileak eta gau txoriak

Garbitzaileek eta gautxoriek bat egiten dute eguna argitzen denean. Hamaika pasadizo ditu kontatzeko: «Gaztea, gaztea da eta pestan dabiltzanak animatuta egoten dira. Xelebrekeriarik ez da falta izaten». Garbitzaile lanetan ari den leitzar bakarra izanda, jendea zirikatzeko gogoz egoten da: «Noizbait bidetik baztertu nahi izan ez dutenak, freskaldi ederra hartuta mugitu izan dira». Beste batzuk, berriz, lagundu nahian hasten dira eta barrezka gaineratu du: «ez dira konturatzen lana kendu baino gehiago jartzen dutela». Denak ez dira, ordea, aldarte berean ibiltzen eta batzuetan egoerari neurria hartzen ere jakin behar izaten da: «tartean ikusten dira errespetu falta edo jarrera desegokiak. Adibidez, kristalezko botilak lurrera botata txikitzen dituztenak. Arriskua da juergan dabilenarentzat eta ez dabilenarentzat». 

Urte berezia izanen da aurtengoa Txokorentzat, urrian erretiroa hartuko duelako: «Urriaren 11n beteko ditut 65 urte. Jaia tokatzen da eta berez, lana izanen dudan arren, opor eguna hartu eta familiarekin otordu bat eginen dut. Urriaren 9a izanen da nire azken lan eguna, merkatua garbitu eta beste norbaitek hartu beharko du biharamunean eskoba. Errege kendua, errege jarria». 

Pesta giroan

Eskoba etxean utzita, ez dakigu aurten gautxorien inguruan ibiliko ote den: «nire modura, pestetan disfrutatzen saiatuko naiz». Eguneko pestaren zalea da: «Gustatzen zait pestetan goizean atera, zezenak ikusi, gosaldu eta pixka bat lagunekin egotea». Kirol hitzorduak ere ez ditu galtzen: «Kirola asko gustatzen zait: aizkolariak ikustea, pilotariak… ikuskizuna izaten da». Abuztuaren 8tik 15era, «bakoitzak bere gustukoa topatzeko aukera» izanen duela uste du: «Azken finean pesta denentzako da. Batzuk taberna inguruan ibiliko dira eta besteak plazan, freskura ederran eserita musika adituz. Denentzako tokia dago pesta giro horretan».

Pesta giro hori azkeneko urteetan «puska bat» aldatu dela uste du: «Lehen nik uste txarangarekin jende gehiago ibiltzen zela, nahiz eta orain baino taberna gehiago egon. Orain taberna giroa gehiago bilatzen dutela esanen nuke». Ez da aldaketa bakarra izan, eta zorionez badira hobera aldatu diren kontuak: «Garai batean guk pesta egiten genuen, baina gure amak ez zuten pestarako aukerarik izaten. Haientzat doble lan izaten zen!». Sanfermin ondoren hasten omen zen prestaketekin eta gerora ulertu du urtero pesta bezperan esaten zion esaldia: «gaur hasten dira pestak, ai bukatuak baleude...'». Argi dio: «Berdintasuna eskatzen zen, baina berdintasuna baino askoz gehiago merezi zuten».

Abuztuaren 10ean, udaletxeko balkoian aterako den argazkia izanen da aldaketa horren erakusle: «Bi emakume ikerlarik eta garbitzaile batek botako dugu txupinazoa. Hori bada zerbaiten erakusle». Argi du zein den zabaldu nahi duen mezua: «Eskerrak eman nahi dizkiet herritarrei hautatzeagatik. Pestak alaitasunez pasatzera animatu nahi ditut eta kanpotik etorriko direnak ere ongietorriak izanen dira. Ohar ttiki bat ere luzatu nahi dut. Nire lagunengan pentsatu eta ez ditzatela mesedez kristalezko botilak harrika bota. Pestaz gozatu eta herria zaindu!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun