Bestak 2026

«Gazteon arteko harremanak sendotu eta parte hartzea sustatu nahi dugu»

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 6a

Xana Retegi eta Garazi Zabaleta, Leitzako Gazteak Azmarren taldeko kideak dira.

Xana RETEGI FERNANDEZ eta Garazi ZABALETA ASTIBIA Leitzako Gaztek Azmarren taldeko kideak

Azmarrean ari eta gazteria martxan jarri. Horixe da Leitzako Gaztek Azmarren taldearen asmoa. Iazko Gazte Egunaren bueltan sortu zen txinpartari eutsi eta sua bizi-bizi mantentzeko lanean ari dira. Taldeko kideak dira Xana Retegi Fernandez eta Garazi Zabaleta Astibia leitzarrak eta taldea «denontzat topaleku» izatea nahi dute: «gazteek beraien ideiak proposatzeko, antolatzeko eta herriko bizitzan eragiteko gune baten beharra dutelako».

Azaldu dute helburu nagusia «herriko gazteen arteko harremanak sendotzea eta parte hartzea sustatzea» dela. Aitortu dute bazegoela horretarako beharra: «Lagun taldeak oso bereizita daude eta nahiko itxiak dira. Hori gazteen arteko harremanetan eta jarduerak antolatzeko orduan oztopoa dela pentsatzen dugu». Argi ikusi zuten, «kuadrillen propotipo hori hautsi» behar zela: «Oinarrizkoa zen adin ezberdinetako gazteak elkartu eta harremanak sortzea». Batzuentzat integratzeko aukera ere izan zitekeela ikusi zuten: «garrantzitsua iruditzen zaigu lagun talde finko bat ez duten gazte horiek ere herrian beraientzat tokia izatea. Inor bazterrean ez gelditzea». Hala, azpimarratu dute «edonork ateak irekiak» izanen dituela, «edozein ekimenetan parte hartzeko, laguntzeko edo ideia berriak ekartzeko». 

«Ateak irekiak dituzte edozein ekimenetan parte hartzeko, laguntzeko edo ideia berriak ekartzeko»

Talde anitza

Gazteen erantzuna ikusita, badirudi beraien helburuak bete dituztela: «Taldea adin eta kuadrilla ezberdinetako gazteok osatzen dugu, eta hori gure indargune nagusienetako bat da. Horri esker, gazte mota askoren interesak eta beharrak kontuan hartu ditzakegu, eta, ondorioz, gustu eta zaletasun ezberdinetara egokitutako ekimenak antolatzeko aukera dugu; giro irekiago eta parte hartzaileago bat sustatuz».

Aisialdirako eskaintza osatzea ere badago beraien asmoen artean, «kirol arloan dauka Leitzak eskaintza zabalena eta hortik kanpo bestelako guneak eta jarduerak ere beharrezkoak direla uste dugu». 

Esan eta egin, abenduan eta uztailean hainbat ekitaldi antolatu dituzte: «gazte afaria, jolasak, kontzertua... eta erantzun oso ona izan dute». Herriari bizitasuna emateko modua da: «Askotan entzuten da herrian giroa motela dela eta ez dagoela lehen adina mugimendurik. Hori horrela ez izatea gure esku dago. Herriko giroa zaintzea eta elikatzen jarraitzea guztion ardura dela iruditzen zaigu».

Pasa den urteko gazteen arteko jolasak.

Uztaileko ekitaldiekin giroa zertxobait berotuta, aurtengo pestei begira jarri dira:  «Hasteko, abuztuaren 10ean, goizean, gazteen joko-erronkak antolatu ditugu. Abuztuaren 14an ospatuko dugu Gazte Eguna. Eguerdiko 13:30ean bazkaria izanen dugu, Leitzako Habelarte Elkartearen eskutik, eta bazkalondoa bingo batekin girotuko dugu. Ondoren, plazan zezenak eta gazteentzako jolasak izanen dira, eta jarraian Elektrotxuflarekin herrian zehar giro ederra sortuko dugu. Gauean, Su Ta Gar taldearen kontzertua izanen da plazan». Ez da hor bukatuko pesta: «Abuztuaren 15eko goizaldean gaupaseroentzat joko bereziak antolatuko ditugu herriko plazan».

8 eguneko egitaraua

Gazteek antolatutako ekitaldi horietan izanen dira Retegi eta Zabaleta, baina askoz gehiagorako ere emanen dute Leitzako pestek: «Ilusio handiz bizi ditugu herriko pestak. Urteko unerik berezienetakoak dira guretzat. Ekimen gehienetara hurbiltzen saiatzen gara, nahiz eta denetara iristea ezinezkoa izan». Hala ere, egun bakoitzean badituzte «galduezinak» diren hainbat ekitaldi: «Txarangazale amorratuak garenez, guretzat ezinbesteko hitzordua da Incansables Txarangaren edozein erronda. Biok dantzariak garenez, abuztuaren 12ko dantza emanaldia ere estimatzen dugu, urte osoan prestatutako lana herriaren aurrean erakusteko aukera ederra izaten delako». Gehiago ere aipatu dituzte: «Asko gustatzen zaigu abuztuaren 10eko txupinazoaren ondorengo La Jodedera taldearen kontzertua. Plazan egiten den herri apariak ere badu bere xarma». Baina, ekitaldiak baino gehiago pesten indargunea «giroa» dela azpimarratu dute: «herrian dagoen mugimendua, lagun eta familiarekin egoteko aukera, eta adin guztietara egokitutako ekintzak uneoro. Erraz disfrutatu eta gozatuko ditugu Leitzako Pestak!».

Egunez zein gauez, pesta giroan ibiltzeko asmoa dute: «Eguneko eta gaueko giroa, biak ditugu gustuko, guztiz ezberdinak direlako». Eguneko pestak urteko beste edozein egunetan aurkitu ezin duzun zerbait duela azaldu dute: «Herria bost egunez jendez, musikaz eta mugimenduz beteta egotea, goizetik gauera etengabe zerbait gertatzen aritzea... hori aurkitzea ezinezkoa da urteko beste garai batean, eta horregatik egiten zaigu hain berezia». Horrek ez du esan nahi gaueko giroa alde batera utziko dutenik: «Gazteak garenez, gaueko pestak ere gogotik disfrutatzen ditugu, eta ez dugu aukera galtzen». Lortzen dute bien arteko oreka: «Egia da noizbehinka goizeko edo eguerdiko ekitaldiren batean huts egiten dugula aurreko gaua luzatu  delako eta indarrak berreskuratzeko... baina hori ere pesten parte da!».

Leitzako pestetan zerbait faltan botatzen ote duten galdetutakoan dantzari sena piztu zaiei biei: «edozein herritarrek plazan dantzatzeko hitzorduren bat faltan botatzen dugu. Dantzaldi formalek badute beren tokia pestetan, abuztuaren 11ko ezpata dantza eta 12ko dantza saioarekin; aldiz, Baztanen mutil dantzak, Lesakan larrain dantza edo zenbait herritako mutxikoen antzeko saio ireki bat ere polita izanen litzateke». Proposamen zehatza ere luzatu dute: «Leitzan badugu aipatutako dantza horien parekoa izanen litzatekeen Ingurutxoa. Garai batean pestetan egunero dantzatzen omen zen. Egunero dantzatu behar izanik gabe ere, gure herrikoa den dantza zaindu eta jendea dantzara animatu beharko genuke». Dantza saio ireki eta herriko batekin jendearen parte hartzea bultzatuko litzateke: «Edonork parte hartu ahal izanen luke, dantzaria izan edo ez, gaztea zein heldua izan, dantzaz modu lasaiago eta espontaneoago batean gozatzeko aukera izanen lukeelako. Agian, horrek jende gehiago gonbidatuko luke dantza taldera hurbiltzera».

Bukatzeko, gonbidapena luzatu dute: «Leitzako pestak asko disfrutatzeko, elkar zainduz eta giro ona sortzen lagunduz. Espero dugu bertan elkar ikustea eta denon artean aurtengo pestak izugarriak izatea. Ongi pasa Leitzako pestak!».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun