Zubimuxu aterpetxearen kudeaketaz arduratzeko deialdia egin du Goizuetako Udalak

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 5a

Bi urterako kontratua izanen da, bost urterako luzatzeko aukerarekin.

Goizuetako Udalak lizitazio publikoaren bidez esleituko du Zubimuxu aterpetxearen kudeaketa. Bi urterako kontratua izanen da, bost urtera arte luzatzeko aukerarekin. 30 lagunentzako lotarako tokia dago aterpetxean, lau plaza gehigarrirekin eta bost logela ditu: bi logela bikoitz, hamar lagunentzako bi logela eta beste bat sei lagunentzako. Horretaz gain, sukaldea, egongela eta logela ere baditu.

Logela bakoitzak bere bainugela eta dutxa ditu. Urteko alokairuari dagokionez, gutxieneko zenbateko finkoa 864 eurokoa da, eta horri %5eko kopuru aldakor bat gehitzen zaio, erreserbetatik lortutako diru sarreren arabera. Alderdi ekonomikoak puntuazioan eragina izanen du lizitazio prozesuan. Aterpetxeak ez du etxebizitza aukerarik eskaintzen.

Informazio gehiago eskuratu edota eskaintzak egin nahi dituztenek Goizuetako udaletxera jo dezakete, astelehenetik ostiralera, 09:00etatik 12:30era.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun