Puntu Morea eta arretarako telefonoa jarriko dituzte Leitzako pestetan

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 6a

Abuztuaren 10a, 12a eta 14a izaten dira jende gehien biltzen den egunak eta horietan jarriko dute puntu morea.

Indarkeria matxisten aurrean, elkarbabes herrikoia leloa aukeratu du Leitzaldeko berdintasun batzordeak eta pesta parekide batzuen alde egin eta gure herriak leku seguruak izatea denon ardura dela gogorarazi du. Horrekin batera, Puntu Morea eta arretarako telefonoa jarriko dituzte.

Abuztuaren 8an eta abuztuaren 10etik 16ra, 20:00etatik 08:00etara martxan izanen da Leitzako pestetan arretarako telefonoa,  621 160 038. Puntu Morea, abuztuaren 10ean, 12an eta 14an jarriko dute. 20:00etatik 00:00etara informazioa eskuragarri egonen da eta aurrez aurreko arreta eskainiko dute Berheziren eskutik.

Pesta eremuan emakume* nahiz LGTBIQ+ kolektiboko kideren batek eraso bat pairatuz gero, arreta eta laguntza zuzena eta profesionala eskaintzeko zerbitzua da. Edozein intentsitateko erasoen aurrean, erasoa jasan duen pertsonari aurrez aurreko arreta emozionala eta bidelaguntza eskainiko zaio.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun