'Gozatu, zaindu, neurtu' kanpaina jarri dute martxan Leitzaldean

Ttipi-Ttapa 2026ko abuztuaren 3a

Festaz modu osasuntsuan, seguruan eta errespetuz bizitzeko gomendioak eta baliabideak eskaintzea da helburua. (Argazkia: Magnific)

Festak modu osasuntsuan, seguruan eta errespetuz bizitzeko gomendioak eta baliabideak eskainiko dituzte.

Udako festak iristear direla, Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Prebentzio Programak Gozatu. Zaindu. Neurtu kanpaina jarri du martxan. Helburua argia da: «Herritarrei eta festetako eragileei festaz modu osasuntsuan, seguruan eta errespetuz bizitzeko gomendioak eta baliabideak eskaintzea, zaintza eta elkarrekiko errespetua sustatuz».

Komunitatea elkartzeko eta herriaz gozatzeko une bereziak dira festak, baina «arrisku egoerak» ere sor daitezkeela gogorarazi dute gizarte zerbitzuek: «Gehiegizko kontsumoa, talde presioa, eraso matxistak edo jarrera sexistak, arrazistak eta LGTBI+foboak». Horregatik, aurtengo kanpainak mezu sinple baina esanguratsu baten inguruan egiten du bat: «gozatu festak, zaindu zeure burua eta ingurukoak, eta hartu erabakiak neurriz eta arduraz».

«Festak denonak dira eta guztion ardura da giro segurua eta atsegina eraikitzen laguntzea».

Kanpainak bi lan ildo nagusi ditu. Alde batetik, herriko taberna, txosna, elkarte, gaztetxe eta gainerako ostalaritza establezimenduetara gutun bat bidali dute, «zerbitzu arduratsua» sustatzeko: «Adin txikikoen babesaren garrantzia, arrisku edo gatazka egoeren aurrean jarduteko irizpideak eta indarkeriarik, sexismoarik, arrazakeriarik eta LGTBI+fobiarik gabeko espazio seguruak sortzeko gomendioak jasotzen dira». Bestetik, herritar guztiei zuzendutako Gozatu. Zaindu. Neurtu. kartela banatu da eskualdeko festa giroko guneetan. Kartelak gogorarazten du festak bakoitzak bere erara eta presiorik gabe gozatzeko direla; norberaren eta ingurukoen zaintza sustatzen du; besteen mugak eta erabakiak errespetatzearen garrantzia azpimarratzen du; eta kontsumitzea erabakitzen dutenentzat arriskuak murrizteko gomendio praktikoak eskaintzen ditu, hala nola ura maiz edatea, atseden hartzea, substantziak ez nahastea edo etxerako itzulera aurrez antolatzea. Kanpainaren baitan, preserbatiboak eta erabilera bakarreko alkoholimetroak ere banatuko dira eskualdeko 33 taberna, txosna, gaztetxe, elkarte eta bestelako festa guneetan. Horretaz gain, kartelean eskualdeko taxi zerbitzuen telefonoak eta autobusen ordutegiak kontsultatzeko webguneak ere jasotzen dira, etxerako itzulera segurua errazteko.

Leitza, Goizueta, Areso eta Aranoko Gizarte Zerbitzuen Prebentzio Programatik herritar guztiei gonbita egiten diete festak askatasunez, errespetuz eta zaintzaz bizitzera: «festak denonak dira, eta guztion ardura da giro segurua eta atsegina eraikitzen laguntzea».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun