Bestak 2026

[ARGAZKIAK] Giro ederra izan dute Aranoko festetan

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 27a

Uztailaren 24tik 26ra ospatu dituzte Aranon santioak eta hiru egunez, herri osoa bildu da festara. Ikusi KRONIKAK ateratako argazki sorta ederra.

Maixux Zugarramurdik botatako txupinazoarekin eman zieten hasiera Aranoko festei eta argazkietan ikus daitekeenez, giro ederrean ibili dira herritarrak zein bisitariak. 

Urtero bezala mus txapelketa jokatu zuten lehenbiziko egunean eta Iñigo eta Joxe Luis izan ziren irabazleak. Bigarrenak, Oier eta Jon eta hiruarrenak, Ixiar eta Borja.

Biharamunean, herri kirolak, pilota partidak eta bertsolarien saioa izan zituzten. Goizaldera arte luzatu zen festa eta badago, horren froga. Gaupaseroen argazkia ateratzeko hitzordua egina zuten herriko gazteek eta bertan elkartu ziren gazteak eta ez hain gazteak.

Uztailaren 26an festei bukaera borobila eman zieten. Azokan, sei sagardogilek parte hartu zuten eta tripa goxatzeko, herriko gazta bat eta herritarrek borondatez ekarritako jakiak dastatzeko aukera izan zen: txorizoa, basurde gisatua, baratxuri zopa, txanpinoiak, etxeko urdaiazpikoa eta postre sorta ederra. Mokadua eta tragoxka egiteaz gain, eskulanak erosteko aukera ere izan zen: herriko umeek postuak jarri zituzten eskuz egindako gauzekin eta beste hiru artisauk ere postu ederrak jarri zituzten.  Zapotxinek ere urtero bezala, emanaldia eskaini zuen eta festa batzordeko kide batzuk oholtzara igota festak prestatzeko hartu duten lana eskertu zieten.

Festatako errifen zenbaki sarituak ere jakinarazi zituzten: 477 eta 3.210. Irabazleak atera dira eta herrian gelditu dira sariak.

Herria festa giroan murgildu bazen ere, Urumeako Mendiak Biziriken oihartzuna hor egon zen, han eta hemen egindako keinu txikietan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun