Irailaren 6an mendizaleek hitzordua izango dute Areson. Ordutegian aldaketa ttiki bat egitea erabaki dute aurten eta ibilbide luzea egin behar dutenak 08:00etan aterako dira eta motzekoak 09:00etan.
Ibilbidea
Herriko plazatik Ulizar izanen da ibilbideko lehenbiziko tontorra eta hortik Merkura jaitsiko dira. Ibilbide motza egin nahi dutenek, ezkerretarantz hartu eta zuzenean Pagozelaira joanen dira. Pagadi ederretan barna, beheranzko bidea hartu eta errekari segika, Matxaingo ur jauziaren aldamenetik pasaz, herriraino ailegatuko dira. Ibilbide luzea egin behar dutenek, berriz, Merkun eskuinetara jo eta Urkietako gaina izanen dute helburu. Handik, Museon barna, Guratzeko gainera igo beharko dute eta borden bideari segika, Aresoko plazara iritsiko dira.
Interneten izena emateko epea irekita dago hemen. Hamabost euroren truke, kamiseta eta paella ere jasoko dituzte parte hartzaileek. Irailaren 3an bukatuko da online izena emateko epea. Egunean bertan ere, 20 euro ordainduta, izanen da aukera 07:00etatik 07:45era.