Pilota zaleek 17:15etan izanen dute hitzordua Leitzako plazan. Aurrera Elkarteak antolatzen duen txapelketaren 33. edizioko irabazlea nor den erabakiko da, baina aurretik beste bi pilota partida antolatu dituzte ekitaldia osatzeko. Hasteko, gaztetxoen partida jokatuko dute: Pello Azpirozek eta Enaitz Bengoetxeak, Ekai Saizar eta Amets Baraibar izanen dituzte aurkari.
Segidan, txapelketako hirugarren eta laugarren postuak erabakiko dira. Egoi Bidart eta Aimar Zubillaga, Ibai Bengoetxea eta Janitz Sagastibeltzaren aurka ariko dira. Bukatzeko, finala jokatuko dute: Julen Baleztena eta Ibai Gilek osatutako bikotea Xabi eta Jon Jaunarena anaien kontra ariko da txapela eskuratzeko lehian.
Leitzako Plazako Pilota Txapelketaren 33. edizioari bukaera borobila eman nahi diete. Maiatzaren 9an hasi zen eta inoizko parte hartzaile kopururik altuena izan du, 20 bikote aritu dira lehian.