[GUTUNA] Ze mundutan bizi gara?

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 23a

Goizuetako Palestinarekin Elkartasuna taldeko kidea den Iñigo Elizegi Erbitik eskutitz hau partekatu nahi izan du irakurleekin, herrian zabaldu den Baserria Aldizkarian agertzen diren zenbait konturen aurrean bere iritzia adierazteko.  

Duela egun batzuk BASERRIA ALDIZKARIAren lehenengo zenbakia zabaldu zen herrian, Goizuetako Baserritarren Elkarteak egindakoa eta azalean honela dio: «Gure lurra, gure jendea, gure etorkizuna. Nuestra tierra, nuestra gente, nuestro futuro». Eta 17. orrialdeko 6. parrafoan hau du idatzita: «Udala beste herri batzuen eskubideen defentsan inplikatuta ikusi dugu, hala nola Palestinako herriarena, oso positibotzat eta beharrezkotzat jotzen dugu hori. Hala ere, garrantzitsua da nor bere herriaren beharrak, kezkak eta eskubideak ere kontuan hartzea eta errespetatzea».

Hau irakurtzeak herritar askorengan harridura, ezin ulertua eta haserrea sortu du. Horren aurrean hiru gauza aipatu gabe ezin egon:

  1. Palestinaren gaiaren inguruan Goizuetan egin den murala, paratu diren Palestinako ikurrak, egin diren elkarretaratzeak, antolatu diren hizketaldiak… Den denak, Palestinarekin Elkartasuna taldetxoan gaudenok antolatutakoak izan dira. Goizuetako Udalak mozio bat onartu zuen baina mozio hori ere Palestinarekin Elkartasunataldetxoaren ekimena izan zen.

  2. Gazako zenbaki batzuk hauek dira:
    • HILDAKOAK. 73.000 baino gehiago, hauetatik 26.000 ume eta 10.000 emakume.
    • DESAGERTUAK. 14.400dik goiti.
    • ZAURITUAK. 173.500dik goiti, hauetatik 40.500 baino gehiago umeak. Zauritutako ume horietatik 12.000tik goiti anputazio, erredura edo eta kaskezurreko zauri larriekin gelditu direnak.
    • GOSEA. Gazan bizirik gelditzen direnen %77 gosea pasatzen ari dira.
    • EGARRIA, GAITZAK, IZURRITEAK, JENDEA PILATUTA ETA ETXERIK GABE BIZITZEN… Eta horrela, zenbakiekin oso luze segi genezake. Eta hau dena ez da gertatzen ari hondamendi natural baten ondorioz, ISRAELEK egunero bonbardatzen, tirokatzen eta jendeak bizirauteko behar dituen janaria, ura, botikak, estalkiak, erregaia eta abar blokeatzen dituelako baizik. Eta hauek ez dira historiako liburu batetik ateratako kontuak edota ez dakit zein pelikuletan ikusitakoak. GAZAn gertatzen ari dena GENOZIDIO bat da. Egunero eta zuzenean ikusten ari garen GENOZIDIO bat.

  3. BASERRIA aldizkariko azalean esaten duzuenean gure jendea, gure etorkizuna… gure buruari galdetzen diogu etorkizunean zer jende klase, zer gizarte mota edukiko genukeen genozidio bat zuzenean ikusten ari garenean gutxienengo enpatia edukiko ez bagenu?

Gehixeago edo gutxiago, goizuetar guztioi kezkatzen gaitu Goizuetako etorkizunak. Baserritar edo kalekume, abeltzain edo basozain, tabernari, dendari, enpresari, guraso, gazte edo zahar. Eta horrexegatik jende asko aritu da, ari da eta segiko du lanean, bakarka, eragile edota erakunde ezberdinetan. Baina oso lekuz kanpo dago Goizuetako edo beste edozein lekuko abeltzain edo abere batzuen arazoak  GENOZIDIO batekin konparatzea. Izenik ez du horrelako konparaketa bat egiteak.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun