Dena prest dute Aranon festa giroan ibiltzeko. Uztailaren 24an, 19:00etan, botako dute txupinazoa eta hiru egunez luzatuko dira ekitaldiak. Maixux Zugarramurdik izanen du aurten festei hasiera emateko ohorea eta horrela, herritarren aitortza eta eskertza jasoko ditu. Zetak taldearekin egindako elkarlanari esker, arrakasta handia izan du Zugarramurdik eta horrek «herria mapan jartzeko» ere balio izan duela azpimarratu du udalak: «Bagenekien artista genuela herrian, baina harro gaude hainbeste jenderen aurrean oholtzan gozatzen ikusi dugulako eta hainbestetan entzun eta abestu ditugun kantuen parte delako».
Txupinazoarekin batera, buruhandiak aterako dira kalera eta 19:30ean gazte jolasak izanen dituzte. 20:30ean mahaiaren bueltan bilduko dira eta norberak etxetik ekarritako afaria janen du. Afalondoan, 22:00 aldera, XLII. Mus Txapelketa jokatuko dute San Roke Elkartean. Ondoren, toka txapelketa eginen dute eta segidan, musika izanen da tabernan.
Uztailaren 25ean, Hernaniko dultzaineroek kalejira eginen dute 10:30ean. Meza izanen dute 11:00etan eta ondoren, hamaiketakoa eta adinekoei oroigarriak banatuko dizkiete. 12:15ean pilota partidak jokatuko dituzte. Hasteko, kadete mailan, Labaka eta Arsuaga Salaberria eta Sagarduiren kontra ariko dira. Segidan, Leonet eta Legarreta herritarrek Salaberria eta Apezetxea goizuetarrak izanen dituzte aurkari. 17:30ean herri kirol saioa izanen dute eta 19:00etan bertso saioa. Andoni Egaña, Xabat Illarregi, Agin Laburu eta Maialen Lunjabio ariko dira kantuan eta Haritz Zerain gai jartzaile. 21:30ean herri afaria egine dute, norberak ekarria. Gauerditik aurrera Komeri erromeria taldearekin segida izanen du festak.
Uztailaren 26an, segida izanen du programak. 07:30ean gaupaseroen argazkia aterako dute. 12:00etan azoka eta tortilla lehiaketa eginen dute. 16:30ean Umore Ona dantza taldeak emanaldia eskainiko du eta ondoren txokolatea banatuko dute. 18:30ean zezenak eta pottokak izanen dira Gorritiren eskutik. 20:15ean Zapotxinen emanaldia eta 21:30ean afaria. Etxera sariren bat emateko esperantzarekin, bingoan jokatuz borobilduko dituzte festak.