Euskal Herriko Herriarteko Pilota Txapelketa ere irabazi du Leitzak

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 20a

Leitza txapeldun eta Hernani txapeldunorde, igandean Zumarragako Beloki pilotalekuan jokatutako Euskal Herriko Herriarteko PIlota Txapelketaren finalaren ondotik.

Euskal Herriko Herriarteko Pilota Txapelketan emozioz beteriko final ikusgarria bizi izan zuten igandean Zumarragako Beloki pilotalekuan, harmailak lepo beteta eta Hernani zein Leitzako zaleek sortutako giro apartarekin. Gipuzkoarrek lehen partida irabazi baldin bazuten ere, nafarrek, leitzarrek, hurrengo bi partidak irabazita lotu zuten Euskal Herriko txapela Leitzara eramatea.

Kadete mailako partida galdu arren, jubeniletan eta nagusietan gailenduta eskuratu du txapela

Aipatu bezala, finala ez zen ongi hasi leitzarentzat. Izan ere, kadete mailako partidan, Hernaniko Arsuagak eta Zugastik 22-15 irabazi zieten Leitzako Hodei Sagastibeltzari eta Aiur Ugartemendiari.

Beraz, lehen partida galdu ondotik, bai ala biak, azken biak irabazi behar zituen Leitzak txapela lortzekotan eta, lan bikaina eginez, halaxe egin zuten pilotari gazteek eta nagusiek.

Jubeniletan, partida estu eta lehiatuaren ondotik, Leitzako Julen Baleztenak eta Aimar Zubillagak 22-20 irabazi zieten Hernaniko Osesi eta Alberdiri.

Seniorretan, azkenik, Leitzako Hegoi Txoperenak eta Eñaut Goikoetxeak 22-19 irabazi zieten Hernaniko Apaolazari eta Lizeagari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun