Herriko beharrei herritik erantzutea. Erronkei elkarrekin aurre egitea. Horiexek dira herri kooperatiba baten egitekoak. Herriaren etorkizuna marrazteko «tresna baliagarria» dela ikusita, Maraburu herri kooperatiba sortu dute Areson: «Herritarrek dituzten beharrak identifikatu eta horiek asetzeko zerbitzuak eta proiektuak sustatzea da asmoa, elkarrekin herriaren garapena bultzatzea».
Elkarlanean jarri dute azpimarra: «Hamabost herritarrek osatzen dugu herri kooperatibako talde eragilea eta orain proiektua herritar guztiengana zabaldu nahiko genuke». Ilusiorik ez zaie falta eta horren lekuko izan da TTIPI-TTAPA. Talde eragileko kideekin elkartu da proiektuari buruzko xehetasun gehiago izateko asmoz, eta orain arte lortutakoa abiapuntua baino ez dela nabarmendu dute: «Taberna eta dendaren proiektua izango da Maraburu kooperatibak emango duen lehenbiziko fruitua, baina ez da horretara mugatuko. Txapel honen babespean egingo diegu aurre herrian sor daitezkeen bestelako beharrei».
Zein izan da herri kooperatiba sortzeko abiapuntua?
2024ko urtarrilean herriko taberna itxi zuten eta ikusi genuen herrian oinarrizkoa den zerbitzu bat galtzearekin batera, herritarrak elkartzeko topagunerik gabe gelditzen ginela. Udalak apustua egitea erabaki zuen eta herrian taberna eta denda irekitzeko proiektua martxan jarri zuen. Hainbat aukera aztertu zituzten behin taberna eginda nola kudeatu zitezkeen ikusteko eta argi ikusi zuten herri kooperatibak ahalbidetzen eta ziurtatzen zuela zerbitzua epe luzerako izatea: taberna eta denda hori herriarena izatea. Gainera, udaletxeko eraikina egokitu eta taberna eta denda bertan jarriko direnez, udalaren eta herri kooperatibaren artean hitzarmen berezi bat sinatzeko asmoa dago. Epe luzerako izango da hitzarmena: udalean aldaketaren bat balego ere, egindako lana atzera botatzeko modurik izan ez dezaten.
«Taberna eta dendaren heldulekua izango da kooperatiba, baina ez hori bakarrik»
Herritarren babesa izan duzue?
Udalak lehenbiziko batzarra 2024ko maiatzean egin zuen. Udaletxeko batzar aretoa bete zen eta ikusi genuen denok sintonia berean geundela. Hori erabakigarria izan zen. Udalak argi zuen herritarrek ez bazuten apustu horrekin bat egiten, ezin zutela aurrera egin. Herritarrok eta udalak elkarrekin, eskutik, egin behar genuen aurrera, hori funtsezkoa zen. Gainerakoan, proiektuak ez zukeen zentzurik izango.
Talde eragilea sortzea izan zen hurrengo pausoa.
Lehenbiziko batzar horren ondoren erraz osatu zen talde eragilea. Hamabost herritar gaude taldean eta bakoitzak, ahal duen moduan, bere ekarpena egiten du. Talde anitza gara eta aniztasun hori oso aberasgarria da proiektuarentzako.

Elkarrekin egin duzue bidea.
Zerotik hasi gara eta polita da bidea elkarrekin egitea. Cederna Garalurren laguntza izan dugu prozesu honetan eta beraiei esker, Olatukoopen bitartekaritza jaso dugu. Formakuntza saio batzuk eskaini dizkigute eta hor ikasitakoa baliatuz, herri kooperatibako estatutuak prest ditugu eta horiek publiko egitean, bazkidetza kanpaina martxan jartzeko prest egongo gara.
Tartean, Euskal Herriko hainbat kooperatiba ezagutzeko aukera izan duzue.
Orexan, Bakaikun eta Jauntsaratsen egon gara. Hiruetan dute herri kooperatiba bat, baina bakoitzak bere ezaugarriak ditu. Nola funtzionatzen duten ikusteko aukera izan dugu, bertatik bertara ezagutu eta haiengandik ikasteko aukera. Horrela, pixkanaka, gure herrirako baliagarria zer den ikusi ahal izan dugu.
Eta zer da ikasi duzuena?
Ikusi dugu kooperatiba taberna eta dendak funtzionatzeko oinarria baino askoz gehiago izan daitekeela. Behar zehatz bati erantzuteko modua baino zerbait zabalagoa izan daitekeela. Taberna eta dendaren heldulekua izango da kooperatiba, baina ez hori bakarrik. Estatutetan hainbat helburu sozial bildu ditugu. Herri kooperatiba ez da zerbitzu publikoak ordezkatzeko tresna bat, baina administrazio publikoak eskaini ditzakeen edo eskaini beharko lituzkeen hainbat zerbitzu ematera bidera daiteke. Zaintza, elikadura, energia, kontsumoa… denak lantzeko aukera ematen du. Beharrak erakutsiko du zertara bideratuko dugun.
«Txapel honen babespean egingo diegu aurre herrian sor daitezkeen bestelako beharrei»
Proiektu horietako batzuk elkarren osagarri izan daitezke?
Bai, noski. Zaintzarekin lotuta jantoki bat, etxez etxeko erosketa zerbitzua... eskaini ditzake herri kooperatibak. Kontsumo ereduen inguruko gogoeta ere mahai gainean jar dezake: bertako elikagaiak kontsumitzea bultzatuz, zenbait produkturen erosketak bideratuz… Komunitate izaera hori indartzeko aukera ematen du.
«Kooperatiban lortzen diren etekinak berriz ere kooperatiban txertatzen dira»
Irabazi asmorik gabeko kooperatiba izango da.
Herria bizirik mantentzea eta beharrezkoak diren zerbitzuak eskaintzea da helburua; ez irabazi ekonomikoak lortzea. Kooperatibak lortzen dituen etekinak, berriz ere kooperatiban txertatzen dira. Horregatik, zenbat eta kide gehiago izan, zenbat eta herritar gehiago elkartu, herriaren argazki osatuagoa lortuko dugu.
Bazkideek zein betebehar eta eskubide izango dituzte?
Maraburu Herri Kooperatibako kide izateko 100 euroko hasierako kuota ordaindu beharko da. Momentuz, ez dugu hilabetero beste kuotarik ordaindu behar izatea aurreikusten. Alderdi ekonomikoa izan daiteke kezka eragin dezakeena, baina azpimarratu nahi dugu bazkideen ekarpena sinbolikoa dela. Horrek ez du taberna eta denda sostengatuko eta etorkizunean proiektuaren egoera ekonomikoa ona ez balitz, bazkideek ez lukete deus ere asumitu beharrik izango. Eskubide garrantzitsuena, gure ustez, herri kooperatibaren inguruko erabakietan iritzia emateko edo proposamenak egiteko aukera izatea da. Kooperatiba horren norabidea zein izango den erabakitzeko aukera izango dute bazkideek.
«Kooperatibako kide izateko 100 euroko hasierako kuota ordaindu beharko da»
Bazkidetza sistema nola antolatuko duzue?
Herritar guztiak kooperatibako kide izatea nahiko genuke eta, horregatik, bazkidetzak banaka egingo ditugu, ez familiaka. Ahalik eta jende gehienak proiektuarekin bat egitea da gure nahia, proiektua bere sentitzea. Uste dugu bazkidea bazara, gehiago inplikatzen zarela. Ahoz ahokoari garrantzia eman nahi diogu eta irailean hasiko dugu bazkidetza kanpaina.
Bazkidetza mota desberdinak egongo dira?
Herri kooperatibaren baitan, lau bazkidetza mota egongo dira. Bazkide-kontsumitzaileak, herritarrak, izango dira gehienak eta hauek izango dira kooperatibaren baitan pisu handiena izango dutenak. Erabakiak hartzerakoan beti izango dute beraien esku ehuneko handiena. Bazkide-kolaboratzaileak izango dira besteak, entitate pribatuak eta publikoak. Bazkide batzuk, zerbitzu emaileak ere izango dira: bertako ekoizleak... eta bukatzeko, kooperatibako langileak diren bazkideak.
Zeintzuk dira hurrengo pausoak?
Uztail bukaeran lizitatuko dugu udaletxeko beheko solairua egokitzeko obra eta aurreikusten dugu urrian lanekin hastea. 2027ko udan taberna eta denda irekita egotea nahiko genuke. Ordura arte, jo eta ke lanean segiko dugu. Ea guk dugun ilusio hori herritarren artean zabaltzea lortzen dugun.