Etxebizitza hutsen gaineko zerga arautzen duen ordenantza onartu du Goizuetako Udalak

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 8a

Goizuetako Udalak etxebizitza eskasiari eta despopulazioari aurre egin nahi dio neurri honekin.

Ordenantza honek etxebizitza eskasiari eta despopulazioari aurre egitea du helburu.

Goizuetako Udalarentzat lehentasunezko arazoa da etxebizitzaren gaia: «eskaintza eskasaren ondorioz, geroz eta gehiago dira herritik beste lekuetara joatera behartuak dauden herritarrak». Etxebizitza «oinarrizko eskubidea» defendatzen du udalak eta horregatik azken urteetan ahalegin berezia egiten ari dira egoera bideratzeko, «bertan bizi nahi duenak bertan bizitzeko aukera edukitzeko». 

Hainbat neurri jarri dituzte martxan: «2027ko urte hasierarako sei etxebizitza eskainiko dira alokairu publikoan, eta beste bi etxebizitza bideratzeko aukera bat ere badago». Udalak azaldu du lur zorua eskuratzeko urratsak emanak dituela, «kooperatiba baten bidez beste 18 etxebizitza berri eraikitzea da asmoa». 

Hala ere, neurri horiek ez direla nahikoak uste du udalak, «gurea ez da kasu isolatu bat, Euskal Herri osoan antzeko egoerak bizi dituzte». Horregatik, Nafarroako Udal eta Kontzeju Federazioak Nafarroako udal guztiei etxebizitza hutsen inguruko ordenantza eredu bat helarazi die eta beste hainbat herrietan bezala, ordenantza hau onartu du Goizuetako Udalak. Zentsoa egitearen ardura Nafarroako Gobernuarena da. Horren ondorioz, Nafarroako etxebizitza hutsen zentsoan dauden etxebizitzen jabeei zerga berezi bat ezarriko zaie. Neurri honen helburu nagusia hutsik dauden etxebizitzak betetzea da, «etxebizitza benetan eskubide bat izateko, despopulazioari aurre egiteko, eta, azken finean, Goizuetan bizi nahi duenak bertan bizitzeko aukera edukitzeko».

Kontuan izan behar da Goizuetan badaudela epe laburrean bete daitezkeen etxebizitzak, «hauek eraberritzeko dirulaguntzak eska daitezke eta Nasuvinsaren bidez alokairua bideratu daiteke». 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun