Amazabal taldeak irabazi du Leitzako udako futbol 7 txapelketa

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 6a

Uztailaren 4an jokatu zuten Leitzan Aurrerak antolatutako txapelketa. 32 jokalarik eman zuten izena eta lau talde osatuta aritu ziren lehian. Antolatzaileak pozik daude emaitzarekin: «giro oso ona egon zen eta kuadrilla desberdinetako jendearen artean harremanak sortu ziren». 

Lau taldek parte hartu zuten udako futbol 7 txapelketan. Adin eta kuadrilla desberdinetako jendea elkartuz osatu zituzten taldeak eta Leitzak izan dituen futbol zelaien izenak jarri zizkieten: Inguruarte, Larbando, Amazabal eta Arkiskil.

Hasieran multzokako fasea jokatu zen, lau taldeek elkarren aurka jokatuz. 10 minutuko partidak jokatu zituzten eta sailkapena orden honetan gelditu zen: Amazabal, Inguruarte, Arkiskil eta Larbando.

Multzokako faseko sailkapena zehaztu ondoren finalerdiak jokatu zituzten: Amazabal taldeak Larbandoren aurka jokatu zuen eta Inguruartek Arkiskilen aurka. Partiduak estu joan ziren eta Aurreneko partiduan berdinketa eman zenez, txandakako jaurtiketa sortan erabaki zen nor pasako zen finalera. Finala Amazabal eta Inguruarteren artean jokatu zuten eta Amazabal atera zen garaile.

Txapelketako sailkapena:

1. Amazabal
2. Inguruarte
3. Arkiskil
4. Larbando

Finalaren ondoren sari banaketa egin zuten. Irabazleek erronda bana eta Aurrera K.E.an apari bat irabazi zuten. Bigarrenak, erronda eta Arzallus harategiko txistor bana. Hirugarrenak, erronda eta patata poltsa bana eta laugarrenak erronda bana. Sari banaketan ondoren luntxa egin zuten indarrak berreskuratzeko.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun