16K Plazaola lasterketa antolatu dute irailaren 13an

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 3a

Irailaren 13an eginen dute 16K Plazaola lasterketaren lehenbiziko edizioa.

Plazaolako bide berdean lasterka eginez, Leitzako eta Lekunberriko geltoki zaharrak lotzeko aukera izanen da irailaren 13an. 16K Plazaola lasterketa antolatu dute lehenbizikoz Goiztiarrak Mendi Lasterkari Taldeak, Leitzako eta Lekunberriko Udalek eta Plazaola Turismo Partzuergoak. Kirola, natura eta tokiko garapena uztartzea du helburu lasterketak.

16 kilometroko ibilbidea osatu beharko dute parte hartzaileek eta 18 urtetik gorako edonork eman dezake izena. Izena ematea Internet bidez www.rockthesport.com-en egin behar da eta 20 euro ordaindu beharko dituzte. Leitzatik Lekunberrira autobusez joateko aukera ere eskainiko dute bost euro gehiago ordainduta. Lasterketa 09:30ean hasiko Lekunberriko geltokitik eta Leitzako plazan egon da helmuga. Lasterketa urtero antolatzeko asmoa dute antolatzaileek: «Urtero ibilbidearen noranzkoa aldatuko da, bi udalerriek ekitaldiaren antolaketan eta garapenean modu orekatuan parte har dezaten». Eguerdian, 13:00 aldera, sari banaketa eginen dute eta lehenbiziko hiru lasterkariei ematen zaien sariaz gain, bailarako lehenbiziko lasterkariak ere sarituko dituzte.

Gainera, Leitzan egun horretan ospatuko duten Talo Egunarekin bat eginen du ekitaldiak. Horri esker, kirol ekitaldia pesta giroarekin, gastronomiarekin eta kultur jarduerekin lotuko dute. Kirol egutegian hitzordu berri bat eskaintzeaz gain, tokiko ekonomia bultzatzea, bisitariak erakartzea eta eskualdeko baliabide turistikoak, enpresak eta ekoizleak ezagutaraztea ere bada ekitaldi honen helburua.

Antolatzaileek lurraldeko ahalik eta eragile gehien inplikatu nahi dituzte, udalak, kirol elkarteak, enpresak, merkatariak eta tokiko ekoizleak barne, Plazaolaren nortasuna indartuko duen proiektu partekatua eraikitzeko. Era berean, 16K Plazaola udazkeneko erreferentziazko lasterketetarako prestatzeko proba aproposa izan daitekeela uste dute antolatzaileek: «Nafarroatik, Gipuzkoatik eta inguruko lurraldeetatik etorritako korrikalariak erakartzeko modua».

Jasangarritasuna

Hasieratik bertatik, 16K Plazaolak jasangarritasunaren, irisgarritasunaren eta ingurumenarekiko errespetuaren aldeko irizpideak txertatuko ditu. Antolakuntzak hondakinak murrizteko neurriak hartuko ditu, material berrerabilgarriak lehenetsiko ditu eta tokiko produktuei protagonismo berezia emanen diete. Gainera, autobus zerbitzua eskainiko du mugikortasun jasangarria sustatuz. Korrikalariaren poltsa ekitaldiaren ezaugarri bereizgarrietako bat izanen da, eta bertan inguruko produktuak eta enpresa laguntzaileen ekarpenak bilduko dituzte, kirola eta lurraldea elkartuz.

Babesleak eta laguntzaileak

Antolatzaileek eskerrak eman nahi dizkiete dagoeneko proiektuarekin bat egin duten babesleei, bereziki Laboral Kutxari eta Saralegi Taloak enpresari, emandako laguntza ekonomikoagatik. Era berean, gogorarazi nahi dute oraindik ere zabalik dagoela ekimenarekin bat egiteko aukera, materiala, lotarako tokiak, otorduak edo tokiko produktuak eskainiz.

Bestalde, 16K Plazaolak Nafarroako Gobernuko Turismo Zuzendaritza Nagusiaren laguntzak eskuratzeko deialdian ere parte hartuko du. Antolatzaileen helburua 16K Plazaola urtez urte sendotzea da, «eskualdean kirolaren, ekonomiaren eta turismoaren ikuspegitik eragin positiboa izanen duen urteko hitzordu bihurtuz».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun