Aranoko zerrategian gertatuko lan istripu larria zigor epaitegietara eraman du LAB sindikatuak

Ttipi-Ttapa 2026ko uztailaren 2a

LABeko ordezkariak gaur egin duten prentsaurrekoan.

2024an Aranoko Maderas en General Justa S.L. enpresan egurra mozteko makina batekin, segurtasun babesik gabe, lanean ari zela istripu larria izan zuen langile batek eta ezker oineko behatz bat galdu zuen. Langile migratua da eta lan baimenik eta kontraturik gabe ari zen lanean. Langileen eskubideen aurkako, lesio, estalketa eta derrigortze delituen erantzule direlakoan, kereila aurkeztu zuen LABek 2025eko maiatzean. Tramitera onartua izan da orain, delitu zantzuak ikusi ditu auzitegiak eta ikerketa abiatu dute.

Lan istripuen aurkako borrokan bide penala landuko du LABek aurrerantzean, auzibide sozialarekin batera. Iragarpena egitearekin batera, lehen kasua aurkeztu dute gaur prentsaurrean Inko Iriarte Lan Osasuneko arduradunak eta Ainhize Muniozguren, Idazkaritza Juridikoko arduradunak: Aranoko Maderas en General Justa S.L. enpresan gertatutako ezbeharra. 

Aranoko Maderas en General Justa S.L. enpresan egurra mozteko makina batekin, segurtasun babesik gabe, lanean ari zela istripu larria izan zuen langile batek. Ondorioz, ezker oineko behatz bat galdu zuen. Laguntza eskatu zien enpresako arduradunei, anbulantzia bati deitzeko, baina inork ez zuen artatu; hala, lankide batek eraman zuen larrialdietara, eta ebakuntza egin behar izan zioten. 2024ko gertakariak dira, LABek epaitegietara eraman, eta orain tramitera onartu dituztenak. Langile migratua da, lan baimenik gabe eta lan kontraturik gabe ari zen lanean.

LABek jakinarazi duenez, enpresako arduradunek makina erretiratu egin zuten lan istripuaren ondoren, «era berean, ospitalera bidean enpresako administrariaren deia jaso zuen langileak, eta agindua eman zion nagusiak: ez zezala esan lan istripua izan zenik». Gizarte segurantzan alta eman gabe zegoela jakinarazi zioten, eta isiltasunaren truke 500 euro eskaini zizkioten. Larrialdietan lan istripua izan zuela adierazi zuen langileak, eta horrela jasoa geratu zen mediku txostenean.

Langilea inongo babesik gabe geratu zen: gizarte segurantzan alta eman gabe zegoenez, ezin zuen diru saririk jaso; ez zuen ingurunean sostengu sozialik, eta urrun zuen familia. Jakinarazi zuen haren egoera berean bazirela langile gehiago lantegian.

LABek salaketa jarri ondoren, Nafarroako Lan Ikuskaritzak ikerketa abiatu zuen, eta emaitza langilearen aldekoa izan zen. «Gizarte segurantzan altan egoteko eskubidea aitortu eta berrezarri zioten, eta enpresa zigortu zuen, prebentzio araudia ez betetzeagatik», adierazi du Iriartek. Enpresak ez zuen isunik jaso, ordea, makinak oinarrizko segurtasun araudia betetzen ez zuelako. Era berean, sindikatuaren erranetan aintzat hartu gabe gelditu zen «enpresaren mafia jokabidea: langilea kontraturik gabe eta zaurgarritasun egoeran izatea; zauritu zenean artatu ez izana; eroskeriaz jokatu izana...»

Arduradunen jarrera aintzat hartuta, «langilea hertsatzen saiatu izana, delituaren frogak desagerrarazten saiatu izana...» haien aurkako kereila aurkeztu zuen LABek (2025eko maiatzean), honako delituen erantzule direlakoan:

  • Langileen eskubideen aurkako delitua:
    • Langile migratuak izateagatik lan baimenik gabe.
    • Langileen segurtasunaren eta osasunaren aurkako delitua.
      • Laneko prebentzio araudia ez betetzeagatik.
      • Langileari laneko segurtasunerako eta higienerako beharrezko baliabideak ez emateagatik.
    • Gizarte segurantzari lotutako delituak:
      • Langileak gizarte segurantzan alta eman gabe izateagatik.
      • Langile migratuak lan baimenik gabe izateagatik.
  • Lesio-delitua: langileak izan zituen lesio larriei dagokiena.
  • Estalketa-delitua: istripua eragin zuen makina desagerrarazteagatik.
  • Derrigortze-delitua: langileak gertatua salatzea eragotzi nahi izateagatik, eroskeria bidez.

Kereila tramitera onartu dute, delitu-zantzuak ikusi ditu auzitegiak, eta ikerketa abiatu du, eta LABek proposatutako diligentziak ere onartu ditu.

Gaur-gaurkoz enpresako bi arduradun ikertzen ari dira, eta irailean izanen da deklarazioa hartzea. Muniozgurenek azaldu duenez, argiak dira LABen helburuak: «Nahi dugu, batetik, gertaerak zein erantzukizun penalak argitzea, eta, bestetik, enpresariek inpunitatez jokatzeari uztea; dagozkien ardurak hartu behar dituzte, enpresaren irregulartasunekin bukatu, eta langileen osasuna zaintzeko zein prebentzioa bermatzeko dagozkien neurriak hartu behar dituzte».

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun