Ansa II.ak eta Aritz Zubiri goizuetarrak irabazi dute Erremontari-Sagardoaren Txapelketa

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 30a

Ana II. eta Aritz Zubiri txapeldun eta Aldabe eta Barrenetxea IV.a txapeldunorde, astelehenean Galarretan. Argazkia: Maialen Andres

Ansa II.ak eta Aritz Zubiri goizuetarrak (Bereziartua) Aldabe eta Barrenetxea IV.a mendean hartu dituzte hiru jokotan (12-15, 15-12 eta 8-5), Erremontari Sagardoaren Txapelketako final handian. Aurrelari urnietarrak eta atzelari goizuetarrak finala irauli behar izan dute, Lekunberriko aurrelaria eta Hernaniko atzelaria sendo aritu baitira. Txapeldunek lan handia egin behar izan dute eta lehen jokoan aurka jarri zaien finalari buelta eman diote.

12-15, 15-12 eta 8-5 nagusitu zaizkie Aldabe eta Barrenetxea IV .ari partida ikusgarri batean

Galarreta jendez gainezka zegoen eta zaleek final epikoa ikusteko aukera izan dute, lau erremontistek bere onena eman baitute. Ansa izan da finalisten artean onena, baina Zubiri ere funtsezkoa izan da bere sakearekin joko erabakigarrian. Bi pilotariek Bereziartua sagardotegiari eman diote txapela, Zubirirentzat bigarrena dena txapelketa honetan, 2022an Urrizarekin lortutakoaren ondotik, eta Ansa estreinatu egin da, palmares ezin hobea osatuz. Horixe zen falta zitzaion titulua, eta lortu du.

Aritz Zubiri goizuetarra sakean. Argazkia: Maialen Andres

Aldabek eta Barrenetxeak hasiera bikaina eman diote partidari; izan ere, 0-3 aurretik jarri dira markagailuan. Barrenetxeak aurreneko bi tantoak sakez egin ditu, eta lehen kintze borrokatuan Oialume Zar sagardotegiko erremontistak nagusitu dira. Orduan Ansa agertu da, Bereziartuako ordezkarien lehenbiziko tantoa egiteko (1-3). Neurketak erritmo bizia izan du, fisikoki oso exigentea. Ansa airez sartzen saiatu da, eta aurkariak hura saihesten. Aldabe eta Barrenetxea aurretik joan dira lehen atsedenaldira (5-8).

Oialume Zarreko bikotea aldeari eusten saiatu da. Barrenetxeak sakez egin du hirugarren tantoa (7-11). Bereziartuako erremontistek markagailua estutu dute, baina Zubirik garai txarreko oparia egin du sake labur batekin (8-11). Ansa eta Zubiri berriro erreakzionatzen saiatu dira, baina Aldabek eta Barrenetxeak ez diete utzi, eta lehen jokoa poltsikoratu dute (12-15).

Bigarren jokoan, finalaren erritmoa ez da jaitsi, baina joera guztiz aldatu da. Ansa eta Zubiri oso indartsu hasi eta 6-2 aurretik jarri dira. Hala ere, Oialume Zarrekoek ez dute etsi, eta ederki erantzun dute. Barrenetxeak sakea berreskuratu eta min handia egin du berriro. Horrela, Oialume Zarreko ordezkariek seinako berdinketa lortu dute. Hala ere, Ansak beste martxa bat sartu dio norgehiagokari, eta Bereziartuako bikotea aurretik joan da bigarren atsedenaldira (8-6).

Kantxara bueltan, Aldabek eta Barrenetxeak jokoa berdindu dute berriro (8-8), baina Urnietako aurrelariak musika jartzen jarraitu du, eta Bereziartuako bikoteak abantaila lortu du (13-8). Jarraian, Aldabek tanto bat egin du, eta Barrenetxeak beste bat sakez (13-10). Ansak dejadaz, maisuki, 14-10ekoa egin du. Ondoren, Barrenetxeak sakez zabalean jarri du pilota modu apartan (14-12). Baina Ansa ez zegoen txantxetarako, eta errestoan jokoa erabaki du (15-12).

Final handiko hirugarren joko erabakigarria ere oso orekatua eta lehiatua izan da. Detaile txikiek erabaki dute. Berdinketak bina, hiruna eta bosna izan dira. Ansak egin du aldea berriro, baina Zubirik ere meritu ikaragarria izan du jokaldi askotan. Barrenetxeari kanpora joan zaion pilota batek eman dio amaiera final bikainari (8-5), eta Ansak eta Zubirik eraman dute txapela. Txapelketako jokalaririk onena, berriz, Barrenetxea izendatu dute.

Zubiri eta Ansa kontent, finala irabazi ondotik. Argazkia: Maialen Andres



Sagardoaren Txapelketako txapeldunak

2011 Juaristi-Olazar

2012 Oñatz-San Miguel

2013 Matxin III.a-Etxeberria III.a

2014 Etxeberria IV.a-Ion

2015 Zeberio-Endika

2016 Segurola-Endika

2017 Otaegi-Ion

2018 Urriza-Garcés

2019 Segurola-Endika

2021 Urriza-Zaldua

2022 Urriza-Zubiri

2023 Segurola-Juanenea

2024 Urriza-Martirena

2025 Aldabe-Barrenetxea IV.a

2026 Ansa II.a-Zubiri

Txapeldun eta txapeldunordeak, sagardotegietako ordezkariekin eta laguntzaileekin batera.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun