Aresoko herri kooperatibako estatutuak aurkezteko batzarrera deitu dute uztailaren 2an

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 30a

Etxe bakoitzetik gutxienez kide bat joateko eskatu dute.

Talde eragileko kideak ttirriki-ttarraka aritu dira lanean azkeneko hilabeteetan eta prest dituzte herri kooperatibako estatutuak. Martxoan egin zuten herri batzarrean esandakoa betez, herritarrei aurkeztuko diete orain prestatutakoa. Uztailaren 2an, ostegunean, udaletxeko batzar aretoan egin dute hitzordua 20:00etan. 

Aresoko taberna eta dendaren heldulekua izango da herri kooperatiba, baina ez hori bakarrik, «gaur egun ditugun eta etorkizunean izan ditzakegun erronkei erantzuteko modua» ere badela adierazi dute talde eragileko kideek. Estatutuak zer diren eta zein funtzio betetzen duten azalduko dute osteguneko bileran eta Aresoko herri kooperatiba nola osatuko den ere argituko dute. Hainbat xehetasun ere emango dituzte: bazkidetza kanpainan zenbateko kuota ordaindu beharko den eta altak eta bajak nola kudeatuko dituzten. Jendaurreko aurkezpen hau egin ondotik, bazkidetza kanpaina martxan jartzea izango da hurrengo pausoa.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun