Bestak 2026

Leitzako pestetako txupinazoa nork botako duen erabaki dute

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 29a

Hiru herritarrek botako dute txupinazoa abuztuaren 10ean.

Berdinketa gertatu da Leitzako pestetako suziria nork botako duen erabakitzeko bozketan. 169na botu lortu dituzte Jose Ramon Caballero Txoko garbitzaileak eta Nerea Zabaleta eta Naiara Perurena ikerlariek. Hala, hirurek botako dute abuztuaren 10ean Leitzako pestei hasiera emanen dien suziria.

Esanahai berezia du Leitzako pestetako suziria botatzeko aukera izateak; herritarrak dira hautagaitzak aurkeztu eta botua ematen dutenak. Leitzako herriaren aniztasunaren erakusle dira aurtengo hautagaiak: Nerea Zabaleta eta Naiara Perurena emakume zientzialariak, Jose Ramon Caballero Txoko herri langilea eta Joanes eta Xabat Illarregi bertsolariak. Lehenbiziko hirurak izan dira aukeratuak.

Nerea Zabaleta Biokimikan graduatua eta doktorea da, gibeleko gaixotasun arraroen terapia genikoan espezializatua. Nazioarteko egonaldiak egin ostean 2025ean Cimara (Nafarroako Unibertsitatea) itzuli zen, giltzurruneko gaixotasun genetikoetarako terapia genikoak garatzeko.

Naiara Perurena Farmazian lizentziatua eta Biologia Zelularrean doktorea da. Nazioartean egonaldia egin ostean, bederatzi urte eman zituen Harvarden minbiziaren erresistentzia ikertzen. 2025ean Zaragozara aldatu zen, bularreko eta pankreako minbizien metastasiei aurre egiteko ikerketa talde propioa zuzentzeko.

Jose Ramon Caballero herriko eguneroko bizitzaren eta herri mantentzearen funtsezko zutabea da, kaleak zein txokoak txukun eta garbi mantentzeaz arduratzen den langilea. Eguraldi txarrari zein goizaldeko hotzari aurre eginez, bere eske Leitzak bere itxura zaindua eta osasuntsua mantentzen du herritar guztien ongizaterako. Bere eguneroko konpromiso, gertutasun eta lan isilari esker, herri bizi, garbi eta atseginago baten oinarria bermatzen du egunero.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun