Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketako finalean izanen da Leitza hamargarren aldiz

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 22a

Hodei Sagastibeltza leitzarra, kadete mailako finalerdian sakea egiten.

Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketako finalerdia jokatu dute Leitzak eta Beteluk larunbat honetan Labriten eta leitzarrek hamargarren finalerako txartela lortu dute, hiru partidak irabazita. Esteribar izanen du arerio uztailaren 4an Labriten, ezustea eman eta Larraun kanporatu ondotik.

Betelu menperatu ondotik, Esteribar izanen du arerio uztailaren 4ko Labriteko finalean

Nafarroako Herriarteko Pilota Txapelketako lehen edizioko finalean izan zen Leitza 1970. urtean, orduan Altsasuren kontra eta, geroztik, hamar aldiz izan da finalean (1970, 1971, 1972, 1973, 1981, 2007, 2009, 2023, 2025 eta, orain, 2026).

Larunbateko finalerdian, kadete mailako Hodei Sagastibeltza eta eta Aiur Ugartemendia leitzarrek lortu zuten lehen puntua, Beteluko Eneko Orejari eta Imanol Sotili 22-18 irabazita, partida estu eta lehiatu baten ondotik. Jubenil mailako puntua errazago lortu zuten Leitzako Julen Baleztenak eta Aimar Zubillagak, Beteluko Egoitz Orejari eta Unai Otamendiri 22-5 irabazita.

Finalerako txartela segurtatuta izan arren, senior mailan ere garaipena lortu zuten Hegoi Txoperena eta Eñaut Goikoetxea leitzarrek, Beteluko Beñat Goikoetxeari eta Julen Sotili 22-16 irabazita.

Herriarteko ttikian, Bera eta Baztanen arteko finalerdia

Herriarteko handian Leitzak segurtatua du finalerako txartela eta herriarteko txikian ere, guttienez eskualdeko ordezkari bat izanen da, Berak eta Baztanek jokatuko baitute finalerdia egunotan.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun