Altxa Burua Leitza-Aresok kanpaina berria jarri du martxan

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 21a

Mugikorraren erabilera egokiari buruz gazteak eta gurasoak heztea da helburua. (Argazkia: Freepik)

Leitzako eta Aresoko zenbait eremu publikotan, mugikorrak neurriz eta arduraz erabiltzea bultzatu nahi dute. Horretarako, koloretako kartelen bidez hainbat jarraibide eman dituzte, mugikorrak erabiltzea debekatu edo mugatuz.

«Mugikorraren erabilera desegokiak edo gehiegizkoak izan ditzakeen ondorioekin» kezkatuta, Leitzako eta Aresoko hainbat gurasok 2024an sortu zuten Altxa Burue Leitza eta Areso taldea. Helburu nagusia gazteei mugikorra emateko adina ahalik eta gehien atzeratzea da, baina baita mugikorraren erabilera egokiari buruz gazteak eta gurasoak heztea ere. Helburu honen bueltan kanpaina berria jarri dute martxan.

Erabilera publikoko hainbat eremutan koloretako kartelak jarri dituzte, hainbat jarraibiderekin. Kolore horiko kartelak jarri dituztenetan, mugikorra beharrezkoa denean bakarrik erabiltzera bultzatu nahi dute. Horretarako, mugikorraren soinu alertak isiltzeko eta telefonoz hitz egiteko urruntzeko eskaera egin dute. Helburua, gune horietan elkarrekin kalitatezko denbora  pasatzea da. Kolore gorriko kartela dagoen tokietan mugikorrak eta adimendun gailuak erabiltzea debekatuko dute. Gainera, argazkiak atera edota bideoak egitea debekatuko dute. 

Leitzako liburutegian, kiroldegian, igerilekuan, osasun etxean, gizarte zerbitzuen mankomunitatea eta Leitzako udaletxean jarri dituzte kartelak.   Areson, eskoletxeko eraikinean eta udaletxeko erabilera anitzeko gelan. Aipatu behar da kartel gorriak Leitzako kiroldegiko eta igerilekuko aldageletan, osasun etxeko sarreran eta Aresoko eskoletxeko liburutegian jarri dituztela.

Duela urtebete martxan jarritako Gurea erabil zenezake ekimena ere indartu nahi dute. Mugikorrik ez duten haurrei eta nerabeei, premia dutenean, saltokietako telefonoak erabiltzen uztea da asmoa. Ekimenarekin bat egin dute komertzio eta erakundeek laranja koloreko pegatina borobila dute atarian: Leitzako 30 komertziok bat egiten dute ekimenarekin, baita kiroldegiak eta liburutegiak ere.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun