Enobietako presaren zati bat eraisteko obra abiatu da Artikutzan

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 19a

Enobietako presako eraiste lanak ikuskatzen izan ziren ostegunean Artikutzan Nafarroako Gobernuko, Donostiako Udaleko eta Life Kantauribaiko ordezkariak.

Europan egindako ibai lehengoratze handiena da eta errekaren jarraitutasun ekologikoa berreskuratzea ahalbidetuko duen jarduera aitzindari baten lanak bisitatu dituzte

Enobietako presa (Artikutza) zati batean eraisteko lanak aurrera doaz, maiatzean hasi ondotik, aurreikusitako egutegiaren arabera. Jose Mari Aierdi, Nafarroako Gobernuko Landa Garapeneko eta Ingurumeneko kontseilariak, Iñigo Garcia Donostiako zinegotziarekin eta Life Kantauribain parte hartzen duten erakundeetako ordezkariekin batera, Nafarroako Gobernuak Orekan sozietate publikoaren bidez koordinatzen duen espezieak eta habitatak kontserbatzeko proiektu espezifiko bat bisitatu zuen ostegunean. Esku hartzearen bidez, Europan mota horretako ibaien lehengoratze handiena egin da orain arte.

Lan horiei esker, Enobieta errekaren (Añarbe ibaiaren adarra, Urumearen arroaren barruan) jarraitutasun ekologikoa berreskuratuko da, eta Artikutzaren bihotzean dagoen ingurumen balio handiko ekosistema baten funtzionamendu naturala lehengoratuko da. Lanak azaroaren amaierara arte luzatuko direla aurreikusten da, eta Life Kantauribai Europako proiektuaren parte dira. Proiektu horren xedea da ibai-ekosistemak berreskuratzea eta Kantauriko ibaiei lotutako espezieen eta habitaten kontserbazio-egoera hobetzea. Europar Batasunak kofinantzatutako programa horri esker, ibilguen konektibitatea berreskuratzeko eta uretako ekosistemen funtzionamendu naturala zailtzen duten oztopoak kentzeko jarduerak bultzatzen ari dira.
43 metroko altuera, 180 metroko luzera eta 35 metroko lodiera duen Artikutzako presa, tamainari dagokionez, Frantziako Vezins presa (36 metroko altuera) baino handiagoa da. Presa hori partzialki eraitsi zen 2019 eta 2020 artean. Horrela, Artikutzako esku hartzea Europako erreferentea da ibai lehengoratzeen esparruan.
Jarduketak Kantauriko Konfederazio Hidrografikoaren baimena du, eta Trantsizio Ekologikorako Ministerioak aldeko txostenak eman ditu ingurumen- eta segurtasun-arloetan. Aurrekontua 1,3 milioi eurokoa da; horietatik 640.000 euro Donostiako Udalak finantzatuko ditu eta gainerakoa Life Kantauribai proiektuak.
Bisitan, Jose Mari Aierdik gogorarazi zuenez, «Enobieta presaren gaineko jarduna mugarri bat da gure ibaien lehengoratze ekologikoan, eta erakusten du administrazioen, konfederazioen, entitateen eta ikerketa zentroen arteko lankidetzak aukera ematen duela konplexutasun handiko proiektuei etorkizuneko ikuspegi partekatu batekin aurre egiteko». Ildo horretan, nabarmendu duenez, «oztopo zaharkituak kentzea eta ibai-konektibitatea berreskuratzea funtsezko tresnak dira biodibertsitatea kontserbatzeko, gure ekosistemek klima-aldaketaren aurrean duten erresilientzia hobetzeko eta gure ibaien egoera ona bermatzeko».

Bestalde, Iñigo Garcia Villanuevak azpimarratu duenez, «Artikutzako esku hartzearen bidez, Nafarroa eta Donostia Europako erreferente gisa ageri dira ibaiak lehengoratzeko eta ekosistemak berreskuratzeko lanetan». Zinegotziak azpimarratu zuenez, «hau ez da ingeniaritza-lan bat soilik, ingurumena lehengoratzeko proiektu bat ere bada, eta, horri esker, ibaiari bere funtzionamendu naturalaren zati bat itzuliko zaio, hamarkada luzez hori aldatuta egon ondoren». Era berean, adierazi du esku hartzeak aukera emango duela «ibilguaren konektagarritasun ekologikoa berreskuratzeko, espezieen eta sedimentuen mugimendu naturala errazteko eta gure inguruneko naturagune baliotsuenetako baten kontserbazio egoera hobetzeko».



Aurreikusitako edukierara inoiz ailegatu ez zen azpiegitura

Artikutzan dago presa, Goizuetako lurretan. Donostiako Udalak 1919an erosi zuen enklabe hori, Donostian edateko uraren hornidura bermatzeko.

Hala ere, presaren eraikuntzan (1948an hasi zen), arazo geologiko handiak hauteman ziren estribuetako batean, eta, ondorioz, urtegia ezin izan zen guztiz bete. Hasieran aurreikusitakoaren bi heren ingurura mugatu zen haren edukiera. Ondoren, Donostiako eta inguruko udalerrietako hazkunde demografikoaren ondorioz, hornidura-azpiegitura berriak eraiki behar izan zituzten, besteak beste, Añarbeko presa, eta ondorioz, Artikutza garrantzia galtzen joan zen.

Instalazioak 2002an galdu zuen funtzio erregulatzailea behin betiko, maniobra-sistema elektrikoan akats bat izan ondoren. Dauden aukerak aztertu eta kostu ekonomikoak eta ingurumen-inpaktuak baloratu ondoren, Donostiako Udalak urtegia zerbitzutik kanpo uztea erabaki zuen, eta 2017 eta 2019 artean, urtegia erabat hustu zuen.

 

Gune babestu bat berreskuratzea

Artikutza Natura 2000 Sarearen parte da 2004tik, eta kontserbazio bereziko eremu (KBE) izendatu zuten 2016an. Hainbat aukera aztertu ondoren –presa mantentzea, erabat eraistea edo presaren eraispen partzial bat egitea–, azken irtenbide hori hautatu zen, ingurumen-inpaktu apaleneko aukera zela ondorioztatu baitzen.

Esku-hartze honen bidez, zazpi metroko zabalerako eskotadura bat irekiko da presaren ezkerreko gainezkabidean, gailurretik lurraren kota naturalaren azpitik metro batera arte. Irekitze horrek ibilguaren konektagarritasun biologikoa bermatuko du, eta ibaiaren dinamika naturala berrezartzeko aukera emango du.

Neurri horrek bereziki mesede egingo die espezie babestuei, hala nola muturluze piriniarrari, galzoriko egoera kritikoan dagoen espezie gisa katalogatuta baitago. Espezie horren presentzia dokumentatuta dago Artikutzako errekastoen sarean. Era berean, azpiegituraren barruan bizi diren saguzarren koloniak kontserbatzea ere ahalbidetuko du.

Ildo horretan, Aierdik azpimarratu duenez, «Ibaiak lehengoratzearen esparruan, Life Kantauribai proiektuari esker, Nafarroa eta Kantauriko erlaitz osoa Europako erreferente bihurtzen ari dira, natura-ondarearen babesa eta azpiegitura hidraulikoen kudeaketa arduratsua bateragarri egiten dituzten jarduketak sustatzen ari baitira. Esku-hartze honekin aparteko balio ekologikoa duen gune bat berreskuratuko dugu, eta beste urrats bat emango dugu Natura 2000 Sarea kontserbatzeko eta espezie enblematikoak eta mehatxatuak babesteko hartu dugun konpromisoan» adierazi du.

 

Ingurumen- eta logistika-inpaktu apalagoa

Erabat eraisteko aukera baztertu egin zen, natura-ingurune bereziki babestu batean material guzti-guztiak erretiratzea teknikoki oso konplexua zelako. Gainera, horretarako, sarbideko errepideak indartu beharko lirateke, kamioi astunen etengabeko zirkulazioari eutsi ahal izateko.

Artikutzatik irteteko errepidea estua da, eta txirrindulariek eta mendi-ibiltariek asko erabiltzen dute. Hori izan zen presa erabat eraisteko aukera baztertzeko beste faktore erabakigarrietako bat: haien segurtasuna bermatzea. Obraren ondoriozko material gehienak finkako bidexkak hobetzeko berrerabiliko dira. Eraisketaren materialen kopuru txiki bat ingurunean bertan utziko da, ibaiak berak sedimentuak modu naturalean bana ditzan, horrela, ibai-ekosistemaren dibertsitatea eta konplexutasuna handitzeko.

Nafarroako Gobernuaren, Donostiako Udalaren eta Life Kantauribai proiektuko bazkideen arteko lankidetza horren bidez, ingurumena lehengoratzeko eta azpiegitura hidrauliko zaharkituen kudeaketa jasangarriaren eredu bihurtu nahi dute Artikutza, hamarkada askotan etenda egon den dinamika naturala ibaiari itzultzeko.

Bestalde, Kantauribaiko jarduketetan aurreikusitako 16 oztopoetatik 11 eraitsi ditu Nafarroak, osorik edo partzialki. 2027an proiektua amaitzen denerako, Foru Komunitateak 2,4 milioi euro izango ditu inbertituta proiektu horretan.

 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun