Biokimika gradua egin eta biomedikuntzan doktoretza egindakoa da Nerea Zabaleta ikerlaria eta TTIPI-TTAPAko kolaboratzailea ere bada. Atzerrian ibili eta gero, gaur egun Iruñeko CIMA ikerketa guneko geneak transferitzeko teknologien garapenerako ikerketa taldeko ikerlari burua da. Europako Komisioak ematen duen 'ERC Starting Grant' beka entzutetsua lortu zuen iaz eta uste du horrek eragina izan duela akademiako kide izendatzeko orduan:«ikerketan aritzeko 1,5 milioi euroko dirulaguntza eskuratzeaz gain, errekonozimendua ere lortzen delako horrelako bekak eskuratzen direnean».
Espainiako Gazte Akademiako kide izateak «zientzia komunitatearen alde lan egiteko aukera» emanen diola azpimarratu du: «Akademiaren helburua erreferentziazko ikertzaile gazteen lana ikusaraztea, sustatzea eta gazteei beraien proiektuak aurrera eraman ahal izateko beharrezkoak dituzten baliabideak eskaintzea da».
Akademiako kide izateak, ez du orain arteko zereginetatik aldenduko: «akademiakoa lan extra bat da, Nafarroako Unibertsitateko CIMAn lanean segiko du. Renalgane proiektuan ari dira lanean: «giltzurrunetako gaixotasun genetikoetarako gene-terapiak garatzen. Laborategian ari gara lanean, ikerketa taldea osatudugu eta bagoaz aurrera ikerketarekin». Helburua «giltzurrunari eragiten dioten gaixotasun genetikoak dituzten pazienteen bizitza kalitatea hobetzeko gai diren terapiak sortu eta klinikara eramatea da».