
Miel Mari ELOSEGI Luze
Iragana eta etorkizuna
Etxe bat eraikitzeko orduan, norbaitek jarri behar izaten du lehenbiziko harria eta ez dago zalantzarik Atekaberts Bertso Eskolaren sorreran Luzek egin zituela arkitekto lanak. Pasioz bizi du bertsolaritza eta nabari zaio bertso eskolaren historia kontatzen hasten denean. Asko bizi izan du bertan: «Nire bizitzako momentu oso politak pasa ditut bertan eta espero dut, momentu polit asko ematea oraindik».

Diego RIAÑO
Bertso eskolako kidea izatea bizitzako arlo askotarako «lagungarri» izan dela uste du: «Nire bizitzako parte oso garrantzitsua izan da». Aitortu du bertsoak entzuten hasi zenean, erdiak ez zituela ulertu ere egiten». Bertsoaren bidez, «euskara ikasteko, jendea ezagutzeko eta beste herri batzuk ezagutzeko aukera» izan zuela dio: «ezagutzen ez nuen kultura bat ulertu eta maitatzekoa».

Aitzol EIZMENDI
Benetako afizioa
Haurren bertso eskolan eman zituen lehenbiziko pausoak Eizmendik eta helduen bertso eskolan hasitakoan etorri zen aldaketa: «arlo akademiko hori alde batera utzi eta asialdiaren parte, askoz gehiago disfrutatzen dudan afizioa bihurtu da». Bertsoaren aurretik beste hainbat gauza jarri behar izan dituela aitortu du eta horregatik, aukera duenean, «gustoz eta disfrutatzeko» aritzen da bertsotan.

Xabat ILLARREGI
Aukera
Atekaberts bertso eskolak, «oso gazte helduen mundu batean sartzeko aukera» eskaini ziola dio Illarregik: «nahiko goiz hasi ginen gu baino askoz helduagoa zen jendearekin harremantzen. Hamahiru edo hamalau urte neuzkan, gehienek bikoiztu egiten zuten nire adina, baina taldeko beste bat bezalaxe sentitzen nintzen». Eta uste du «talde baten parte sentitzea oso garrantzitsua» izan zela, «bertsotan segitzeko eta motibatzeko».
Iñigo GOROSTARZU Etxorde
Arnasgunea
«Garai desberdinetan oso gauza desberdinak» eman dizkio bertso eskolak. Batzuetan entrenatu behar zelako, «obligazioz» joan izan da, baina azken urteetan «errutinatik ateratzeko ihesbide bat» eskaini dio, «indarberritzeko arnasgune bat». Bertan sortutako lagun taldea nabarmendu du: «bertsolaritzak gauza askori buruz abesteko aukera ematen du eta polita da ikustea elkar hain ongi ezagututa ere, ez dugula inoiz jakiten besteak zer esan behar duen».
Joanes ILLARREGI
Babeslekua
Bertso ibilbidean lehenbiziko pausoak eman dituen tokia izan da Atekaberts Bertso Eskola. Ez hori bakarrik, Illarregiren esanetan, «babesteko leku bat, inguru goxo bat, giro atsegina... eskaini dizkion espazio bat» ere bada. «Egunerokotasunetik aparteko beste lagun talde bat» eskaini dio bertso eskolak: «hasiera hasieratik, urte asko dira, txapelketa asko eta beti sentitu izan dugu babes eta laguntza hori».

