Atekabeltzen duten gelan, aulkiak elkarren ondoan jarriak, mikrofono itxurako egur zatia dute erdian. Gaurkoan ez dute kantuan aritu beharrik, baina ez da konturik faltako. Leitzako bertso eskolari buruz badutelako zer kontatua Miel Mari Elosegi Luzek, Aitzol Eizmendik, Iñigo Gorostarzu Etxordek, Joanes Illarregik, Diego Riañok eta Xabat Illarregik.
Taldeko beteranoa da Miel Mari Elosegi Luze eta bera izan zen Diego Riañorekin batera bertso eskola sortzeko lehenbiziko pausoak eman zituena: «1994. urtearen bueltan Bilbora ikastera joan nintzen eta hango bertso eskolan izena eman nuen. Ordurako usaintzen genuen zer zen errima bat, baina Joxin Iturriotz irakasleak oinarrizko arauak erakutsi zizkigun». Bertan zuten giroa «oso polita» iruditu eta herrian ere antzeko zerbait sortzeko ideia indarra hartzen joan zen pixkanaka: «zerbait egin behar dugu, zeinek egin behar du eta non... horri bueltaka hasi ginen». Egun batean pausoa ematea erabaki zuten arte: «Parrandan bertsotan aritzen ginen zenbait lagun, bertsozaleak ginen... eta saltsero xamarrak. Aurrera Elkartean bildu eta horrelaxe egin genuen bertso eskolako lehenbiziko bilera». Ongi gogoan ditu Luzek hasierako bizipenak: «irakasle lanetan ni aritu nintzen, Bilboko bertso eskolan ibili nintzenean hartu nituen apunte batzuei tiraka». Horitutako orrietan bilduak ditu hamaika errima eta koaderno xaharra erakutsiz gaineratu du «hau da nire entziklopedia». Dagoeneko «artxibo historikoa» ere badela erantzun diote irriz besteek.
Lehenbiziko pausoak
Lehenbiziko pausoak emanda, bi taldekidek segi zuten aurrera: «matraka horiekin, batzuk uxatu eta Diego Riaño eta biok gelditu ginen. Urte pare batez biok aritu ginen eskuz esku». Riañok argi du zein izan zen bertso eskolak aurrera egiteko sekretua: «Lehenbiziko urteetan maisurik ez, baina gogoa genuen eta gogoa izaten da maisurik hoberena». Zinta zaharrak aditu, bertso batzuk ikasi eta bertsotan ari, horixe zen beraien lan egiteko modua: «Lazkao txikiren, Lizasoren, Lasarteren bertsoak genituen zinta zaharretan grabatuta eta horiek aditzen genituen behin eta berriz».
Gustuko zuten giroa eta pixkanaka bertso mundu horretan gehiago sartzen joan ziren: «Jendea ezagutzen hasi ginen, bertso eskolara jende gehiago etortzen hasi zen, bertsoa zen orduan gure lehentasuna». Zabaltzen ari zen bertso eskola horrek erakarrita sartu zen taldean Iñigo Gorostarzu Etxorde berastegiarra. Handik gutxira, bertsozale elkartea enteratu zen Leitzan hasia zela kuadrilla bat biltzen eta «bertso irakaslea eskaini ziguten». Ekaitz Goikoetxea lehenbizi, Estitxu Arozena gero, eta urte askoan Joxema Leitza aritu zen irakasle: «helduen eta haurren bertso eskolako irakaslea izan zen eta bera izan zen, nolabaiteko zubi lana egin zuena». Zubi lan horren erakuslea da, Aitzol Eizmendi eta Joanes eta Xabat Illarregi bertso eskolako kideak izatea.
Bertso eskolako kideak
Gaur egun zazpi taldekidek osatzen dute Atekaberts bertso eskola (Itturri falta da hitzorduan), baina leitzar ugari ibili izan dira bertan: «Jose Luis Barberia Zili, Inaxio Perurena, Iñigo Sagastibeltza, Josune Marzol, Nekane Agirre, Txotxa, Ane Intxausti... 2009an hamabost lagunek eman zuten izena». Emakumeengana iristen ez dute asmatu, ordea: «oso neska gutxi ibili izan dira. Hasieratik izan bagenu neskaren bat, amu ona izanen zen besteentzat».
Urte hauetan, Leitzako kultur egitarauan pixkanaka tokia irabazten joan direla uste dute: «Leitzako gaztetxea izan zen antolatzen zituzten ekitaldietan Leitzako bertsolariak eskatzen hasi zen lehena». Aurrerako atarian bertso saioa ere egin dute urtetan: «herriko gaztetxoei jendaurrean aritzeko lehenbiziko aukera emanaz. Azken urteetan formatua aldatu eta herrian barna bertso poteoan aritzen gara». Gainera, pestetako bertso jaialdian ere urtero parte hartzen dute bertso eskolako kideek.
Txapelketak
Errima eta doinuekin jolasean, txapelketetarako jauzia ere eman zuten bertso eskolako kideek. Riaño izan zen pausoa eman zuen lehenbizikoa, Luzek segidan eta azken urteetan lortutako emaitzak, duela hogeita bost urte «pentsaezinak» zirela azaldu dute biek: «Nafarroako Txapelketan ez genuen sinisten gure izena bertsolarien artean aipatzen zutenean. Pentsa, noraino ailegatu diren gazte hauek: Euskal Herrikora».
Txapelketako eredu zurrun horretatik kanpo, izan dute bestelako giroan taldeka lehiatzeko aukera: «Bardoak txapelketan parte hartu izan dugu eta 2016an Etxarrin eta 2018an Lekunberrin irabazi egin genuen». Horretaz gain, Mingañe Saltsan bertso sariketa ere antolatu dute azken urteetan: «2025ean egin genuen hirugarren edizioa. Saio oso politak atera ziren eta aurrera begira ere badugu antolatzeko asmoa».
Eboluzioa
Bertso eskolaren martxa «garaien eta bakoitzaren beharren eta aukeren arabera» aldatzen joan da: «txapelketak tartean daudenean serioago aritzen gara. Txapelketarik ez dagoenean, otordu baten bueltan elkartu, kantatu, gairik gabe eta elkarri adarra joz aritzen gara». Badakite denen bertso maila eta helburuak ez direla berberak: «Gazte hauek etorri dira eta pasa gaituzte gainetik, azpitik... hauei laguntzea da orain helburua». Eta nola ez, «bertsotan eta bertsoarekin gozatzea».
Asteburuan izanen dute horretarako aukera: «Ekainaren 19an, 17:30ean herriko gaztetxoek bertso saioa eskainiko dute Aurrerako atarian eta 21:00etan Bertso zaharrak eta berriak afaria antolatu dugu Sagastin». Eta bertso afariaren bueltan edo Aurrerako atarian topatuko dute, akaso, zubi berriak eraikitzeko bidea.