Leitzako geltokiko taberna eta aterpetxea kudeatzeko eskaintzak ekainaren 23ra arte aurkez daitezke

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 17a

Plazaolako bide berdeko geltoki zaharra egokitu dute.

50 lagunentzako lotarako tokia, publikoari irekitako taberna eta jatetxea eta taldeko jarduerak eta ekitaldiak egiteko erabilera anitzeko gunea eskaintzen dituzte. 

Leitzako Udalak zerbitzu horien kudeaketa eta ustiapen bateratua eta koordinatua esleitu nahi ditu, zerbitzuen jarraikortasuna, kalitatea, irisgarritasuna, jasangarritasuna eta erabiltzaileei eta publikoari ematen zaion prestazioa egokia dela bermatzeko. Esleipendunak bere gain hartuko ditu ustiapenaren antolaketa, langileak, erabiltzaileen arreta, aterpetxearen eta taberna-jatetxearen eguneroko funtzionamendua, garbiketa, mantentze arrunta eta jardueraren arrisku ekonomikoa. Euskarazko zerbitzua eta hizkuntza paisaia bermatu beharko dira.

Aterpetxeak 50 lagunentzako lekua du, bost logeletan banatuta. Taberna eta jatetxeak bertan ostatu hartzen duten pertsonei nahiz kanpoko erabiltzaileei eskaini beharko die zerbitzua. 

Gutxieneko kanona, lehenbiziko urtean 250 eurokoa izanen da hilean, BEZa kanpo eta urtero hilean 50 euroko igoera aurreikusten da. Kontratua bost urterako izanen da, urtez urte luzatu ahal izanen dena, gehienez 10 urtera arte. Gainera, Leitzako Udalak Cederna Garalur garapen agentziaren bitartez ekintzailetzaren sustapenerako laguntza eskaintzen du.

Baldintza zehatzak hemen kontsulta daitezke.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun