Leitzako pestetako txupinazoa botatzeko hautagaiak aurkeztu dituzte

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 15a

Iaz Joxerra Intxaustik bota zuen txupinazoa eta bere ondoan izan zituen beste bi hautagaiak, Goiuri Zabaleta eta Maria Pilar Artola.

Hamasei urtetik gorako leitzarrek gustuko duten hautagaiaren aldeko botoa emateko aukera izanen dute; ekainaren 22ra Online eta presentzialki ekainaren 23an plazan.

Herritarrek aurkeztutako hautagaien artetik hiru aukeratu ditu festa batzordeak:

Joanes eta Xabat Illarregi (bertsolariak)
Kultur transmisioan eta euskararen hedapenean erreferente dira Illarregi anaiak. Bertsolaritzaren munduan gaztetatik hasi eta nabarmendutako ibilbidea egiten ari dira. Biek hainbat aldiz parte hartu dute Nafarroako Txapelketan. Joanes lautan izan da finalista eta 2025ean txapeldunorde. Xabat, berriz, lau aldiz parte hartu eta gero, 2025eko Nafarroako Bertsolari Txapelketako irabazlea da. Gaur egun, Joanes euskara teknikaria da eta Xabat bertso irakaslea.

Nerea Zabaleta eta Naiara Perurena (emakume zientzialariak)

Nerea Zabaleta Biokimikan graduatua eta doktorea da, gibeleko gaixotasun arraroen terapia genikoan espezializatua. Nazioarteko egonaldiak egin ostean 2025ean Cimara (Nafarroako Unibertsitatea) itzuli zen, giltzurruneko gaixotasun genetikoetarako terapia genikoak garatzeko.

Naiara Perurena Farmazian lizentziatua eta Biologia Zelularrean doktorea da. Nazioartean egonaldia egin ostean, bederatzi urte eman zituen Harvarden minbiziaren erresistentzia ikertzen. 2025ean Zaragozara aldatu zen, bularreko eta pankreako minbizien metastasiei aurre egiteko ikerketa talde propioa zuzentzeko.

Jose Ramon Caballero Txoko (Herri langilea)

Herriko eguneroko bizitzaren eta herri mantentzearen funtsezko zutabea da, kaleak zein txokoak txukun eta garbi mantentzeaz arduratzen den langilea. Eguraldi txarrari zein goizaldeko hotzari aurre eginez, bere eske Leitzak bere itxura zaindua eta osasuntsua mantentzen du herritar guztien ongizaterako. Bere eguneroko konpromiso, gertutasun eta lan isilari esker, herri bizi, garbi eta atseginago baten oinarria bermatzen du egunero.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun