Gorritzen hazi eta hezia dela erran digu eta gibelera begira bizipen kuttunenetara jo du: «Lau urte nituenetik hemen bizi gara, baserria berritu zutenean etorri ginen hona. Oroitzapen asko gordetzen ditut: txerri hiltzeak, ardi ile mozketa egunak, belarretan ibili ondoko arratsaldetako algarak, gosari garaiko txiste eta kontuak…».
32 urteko ibilbidea osatuko du aurten Gorritz gaztandegiak. Egun, banaz bertze, 340 ardi zenbatu ditu Arozenak, eta horiez gain; oiloak, negurako txerriak, behorrak, aker eta antxume bana ere badituztela gaineratu du. Halere, ez da beti horrela izan eta beretik are gibelerago eginda, negozioaren hastapenetaraino ailegatu da: «Baserrian aitona-amonak hasi ziren, aitona bertan jaioa zen, eta gaztetan basoan lan egin bazuen ere, anaiarekin batera baserriari eutsi zion. Amonaren bokazioz eraiki zuten osabarekin batera gaur egungo artegi eta gaztandegiaren martxa, etxeko guzien laguntzarekin noski, anai-arrebak beti aritu baitira etxean laguntzen». Haria ez da eten, ordea, eta bereganaino igaro dira ofizio zein afizioa: «Oso umetatik eskutik helduta eraman izan nau artegira osabak, aitonak zortzi urterekin erakutsi zidan segan eta baserrira bizitzera etorri orduko osaba eta amonarekin laguntzen hasi nintzen artegian».
Urteak dira dagoeneko abeltzain lanetan aritzen dela eta eguneroko martxa ongi barneratua du. 05:30ak aldera jeikitzen da; «kafea hartu eta ardiak jeztera joaten gara osaba eta biok». Artantzuei jana eman eta hamaiketakoak ematen dio segida goizari. Tripak beteta, «esnea gaztandegira eraman eta etxekoren bat gazte egiten hasten da sasoirako hartutako langilearekin, ni kanpoko lanez arduratzen naiz: hesiak egin, azpiak atera…». 14:00etan bazkaldu eta 15:00etan tokatzen denarekin segitzen dutela dio. Azkenik, kontatu duenez, «goizekoak errepikatu eta 19:30-20:00ak aldera, okerrik ez badago, lanak bukatzen ditugu».
Dirulaguntzak: petatzuak?
Oro har, «gazte batzuk bagauden arren», sektorea «zaharkitua» dagoela irizten dio, bidenabar, hori «normala» dela aitortu ere bai. Egunero sartzen duten ordu kopurua aski ez balitz, nekazari eta abeltzainena orokorrean «gaizki ordaindutako sektorea» dela dio. Are gehiago, lanbidearekin segitzeko sostengu gutxi dituztela arrazoituta: «Laguntzak daudelako eusten diogu eusten diogunok. Lan orduak gaztari erantsi beharko bagenizkio, kiloa 30 euroren bueltan jarri beharko genuke, baina zein dago hori ordaintzeko prest? Edo, nork du modua hori erosteko etxearen alokairuan ia soldata osoa doakionean?». Bide beretik, argi dio: «Goseak eragindako iraultza ekiditeko da dirulaguntzena».
Etxeko gaztarekin lehian ibiltzen direla erran digu. Alta, sariak baino, betikoen irriak dituzte nahiago: «Sariagatik heldu zaizuna sailkatzen ez zarenean beste batengana joanen da, baina bezero leial hori txapelketara joaten ez bazara ere, zuregana joanen da».
Etorkizun hurbilera, Leitzan egitekoak dituzten eskulangile azokan (ekainak 7) eta sagardoaren egunean (ekainak 13) hor izanen dela ziurtatu du: postuaren alde batean zein bestean. Etorkizun urrunagora, etxekoarekin segitzeko asmoa erakutsi badu ere, ez du deus segurutzat jo nahi izan: «Etorkizunak erakutsiko digu zertan ariko garen». Azkenik, horrelaxe dio: «Hau erakargarria izan dadin, norbanakoen egoera kontutan hartzeko aukera egon behar da; denbora libre gehiago izatea beti lanean aritu gabe. Horri soluzioa bilatu beharra diogu; nola ez dakit oraindik, ea nolabait lortzen dugun».