Aranoko Kontzejuko taberna eta etxebizitza errentan emateko deialdia egin du udalak

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 12a

Tabernak 55-60 lagunentzako tokia dauka barruan

Aurreko bi deialdiak hutsik gelditu direla ikusita, baldintzak zertxobait egokitu ditu udalak: neguan bi atseden egun izateko aukera emanen dute. Eskaintzak ekainaren 18ko 12:30 arte aurkeztu daitezke.

Imanolek eta Ainhoak eraman dute azken hamazazpi urtetan Kontzejuko tabernako martxa, baina 2025eko azaro erdialdean uztea erabaki zuten. Beharrezkoak ziren egokitzapen lanak egin ondotik, Aranoko Udalak lehiaketa publikoa jarri zuen martxan otsailean. Ez zen eskaintzarik izan eta handik hilabete gutxitara egin zuten bigarren deialdia. Orduko hartan, norbaitek interesa agertu bazuen ere, azken orduan atzera bota ziren. Orain kaleratu dutena, hirugarren deialdia da eta eskaintzak erakartzeko asmoz, udako eta neguko ordutegia bereiztea erabaki dute.

Negozioak taberna-jatetxe zerbitzua eta oinarrizko zein tokiko produktuen salmenta puntua uztartzen ditu, herritarrei eta bisitariei zerbitzua emateko. Kudeaketarekin batera udaletxeko 2. solairuko etxebizitza, biltegia eta lokaleko ekipamendua erabiltzeko aukera dago, baita tabernaren atariko terraza portxearekin eta beheko terrazaren zati bat, ere. Tabernak 55-60 lagunentzako tokia dauka barruan.

Gutxieneko alokairua 400 eurokoa izanen da, BEZ kanpo eta lizitazioan parte hartzeko, 800 euroko behin behineko fidantza aurkeztu beharko da. 

Hasieran urtebeterako kontratua izanen da, baina hori bukatutakoan, bi aldeak ados badaude, beste lau urterako luzatuko lukete. 

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun