Aukeratzen den pertsonari borondatezko eszedentzia bat ordezkatzeko kontratua eginen zaio eta bi urteko eszedentzia epea igarota itzulera gauzatuko ez balitz kontratua mugagabe bihurtuko da. Urtean 40.733 euroko ordainsari gordina jasoko du.
Eskakizunak
Izangaiek, eskabideak aurkezteko epea bukatzen den egunean, baldintza hauek bete beharko dituzte:
- Diplomatura, Lizentziatura edo Unibertsitate Gradua, titulua edo baliokidea izatea, edo eskaerak aurkezteko epea bukatzen den egunean titulu hori eskuratzeko moduan egotea. Titulua atzerrian lortuz gero, homologaturik dagoela frogatzen duen ziurtagiria eduki beharko da.
- Bete behar dituen eginkizunetan aritzeko behar den gaitasun fisiko eta psikikoa izatea.
- Eginkizun publikoak betetzeko ezgaitua edo gabetua ez egotea, eta inongo administrazio publikoren zerbitzutik baztertua ez izatea.
- Euskararen ezagutza: hautagaiek C1 maila dutela egiaztatu beharko dute, horretarako dagokion egiaztagiria aurkeztuz edo berariaz maila hori frogatzeko egindako probaren bitartez.
Eginbeharrak
Aukeratzen den pertsonak, Leitzako kirol-instalakuntzak kudeatu beharko ditu: kiroldegia, pilotalekua, udako igerilekuak eta futbol-zelaia. Gainera, kiroldegiak eskaintzen duen kirol-programa prestatzea, jarraitzea eta ebaluatzea ere egonen da bere eginbeharren artean.
Kirol espazioen okupazioa eta alokairuak ere kudeatu beharko ditu eta instalazioetan ematen diren zerbitzuetako langile guztien koordinazio orokorra eta funtzionamenduaren jarraipena eginen ditu: beharrezkoak diren ordezkapenen zerrendak sortu eta edozein gorabeheraren aurrean erantzunez. Hala, langileak aukeratzeko oinarriak ere prestatu eta langileak bilatu, bildu eta aukeratzeko prozesuak ere kudeatu beharko ditu eta beharrezkotzat jotzen duenean, kanpo aholkularien partaidetza eskatu.
Langile berriak ere artatuko ditu, eta lanposturako behar duten prestakuntza eta izan ditzaketen birziklatzeak (prebentzioa, langileen balio-aniztasuna, DEA, garbiketak, sarbideen kontrola...) eguneratuta izateaz arduratuko da. Prebentzio arloko enpresarekin batera, Lan Osasun arloko prozesuak ere gauzatu beharko ditu: lan arriskuen ebaluazioa, osasuna zaintzea, lan prebentzio arloko prestakuntza, norbanakoen babeserako ekipoak, etab.
Deialdia eta oinarri guztiak oso-osorik hemen ikus daitezke.