[ARGAZKIAK+BIDEOA] Bertsoak, pilota eta musika lotuz, giro ederra jarri dute Aresoko plazan

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 9a

Plaza zaharrak bizirik emanaldiaz gozatzeko aukera izan zuten igande eguerdian aresoarrek eta herriko plazan jende ugari bilduta, tarte ederra pasatzeko aukera izan zuten.

Bezperan egin zuten Plaza Zaharrak Bizirik proiektuaren estreinaldia Ezkurran eta Aresoren txanda izan zen ekainaren 7an. Trikiti doinuak zabalduz, Ainara Mindegiak eta Birjinia Mariezkurrenak eman zieten hasiera emanaldiari. Ordurako, pilotariak beroketa lanak egiten hasiak ziren. Joanes eta Xabat Illarregiren bertsoek piztu zuten festarako azken txinparta eta pilotariak hasi ziren lanean. Oinatz Bengoetxea eta Mikel Olazabal, Aitor Alduntzin eta Anartz Olanoren aurka aritu ziren. Bengoetxea eta Alduntzin dira proiektuan parte hartzen ari diren pilotariak eta bisitatzen dituzten herrietako pilotariekin osatzen dute bikotea. Hogeita bana berdindu zuten partida eta plazan sortu zen giroa ikusita, 25era luzatzea erabaki zuten. Alduntzin eta Olano izan ziren azkenean irabazle. Bertsolariek eta musikariek goxatu zuten eguerdi partea, herri txikietako plazak bizirik daudela erakutsiz.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun