Ekainaren 6an jokatu zuten Leitzan Euskal Herria Mendi Erronkaren hamabigarren edizioa. Bezperatik nabari zen herrian mugimendua: lasterkariak dortsalen bila eta boluntarioak azken orduko lanak bukatzen, urduritasuna airean. Biharamunean, goizeko zazpi eta erdietarako itxura ederra hartua zuen Leitzako plazak: alfonbra berdea prest eta alde banatan jendetza esperoan. Erlojuak goizeko zortziak seinalatu eta lasterketari hasiera eman aurretik, Gorka Urbizuri omenaldia eskaini zioten: «euskal kulturaren eta euskararen alde egindako lan isilari melodia jartzeagatik». Aurrerako dantzariek agurra dantzatu eta Okille tailerrekoek prestatutako oroigarria eman zioten. Hunkituta, eskertu zuen Urbizuk egindako omenaldia. Lekunberriko kirolariak biltzen dituen Goiztiarrak taldeko kideek omenaldiko azkeneko minutuak erabili zituzten beraien taldekidea den Senseiri animoak bidaltzeko.
486 parte hartzaile, 411k erronka osatu
Urtero bezalaxe, aurkezleak abestutako bertsoaren ondotik hasi zen atzerako kontaketa. Ikusleen animoen artean hasi zuten ibilbidea lasterkariek. 486 parte hartzaile izan zituen hamabigarren edizioak: 148 bakarka eta 72k erreleboka aritu ziren. Horietatik, 411k lortu zuten erronka osatzea: bakarka 32 emakumek eta 245 gizonezkok eta erreleboka, 67 bikotek.
Borja Zubizarretak errekorra
Lasterketa bikaina egin zuen Borja Zubizarreta azkoitiarrak, lehenbiziko hiru postuen artean osatuz, lasterketa osoa. Lekunberritik aurrera, lasterketa buruan jarri eta azken kilometroetan erakustaldi bikaina emanda, 06.31.18 denboran gelditu zuen kronoa. Horrela, Ander Iñarrak 2024an jarritako marka hobetzea lortu zuen (06.32.15). Bigarren postuan, eskutik elkarri eutsita, Imanol Kañamares eta Ibai Primicia helmugaratu ziren (06:39:00).
Naroa Uria emakumeetan garaile
Emakumezkoetan Oihana Azkorbebeitiaren izena zegoen faboritoen artean, baina ezin izan zuen iazko garaipena errepikatu. Naroa Uria azpeitiarra izan zen irabazlea (08.05.17), Olatz Azazeta bigarren (08.12.00) eta Miren Bastida (08.21.46) hirugarren.

Erreleboka
Erreleboka, Paula Alberdi eta Mikel Arriola (07.29.08) izan ziren irabazleak. Beraien atzetik sartu helmugan, Aitor Aizkorbe eta Maialen Apezetxea goizuetarrak (07.35.00) eta hirugarrenak izan ziren, Iker Eizagirre eta Leire Juanbeltz (07.40.39).

Eskualdeko lehenbiziko lasterkariak, Hodei Lujanbio goizuetarra (6. postuan) eta Amaia Jimenez leitzarra (26. postuan) izan ziren. Bailarako lehenbiziko lasterkariaren sariak Leitzan gelditu ziren: Amaia Jimenezek eta Xabat Illarregik (12. postuan helmugaratuta) eskuratu zituzten.