Mitxoletek jantzi dute Adosen II. Etxeko Memorialeko txapela Hernanin

Ttipi-Ttapa 2026ko ekainaren 8a

Mitxoletak taldeko Iturriaga, Agirre, Betegi eta Elustondo, II. Etxeko Memorialean txapeldun.

Naroa Elizalde Etxekolonea zenaren omenez Ados Pilota Elkarteak bigarren urtez antolatutako Etxeko Memorialaren finala igandean jokatu zen Hernaniko udal pilotalekuan. Kukuprakak eta Mitxoletak taldeak izan ziren aurrez aurre, eta azken garaipena Mitxoletentzat, Naroa Agirre, Irati Betegi, Iera Agirre Iturrega leitzarra eta Nerea Elustondorentzat izan zen.

Finala lau eta erdiaren barreneko partidarekin abiatu zen. Lehen norgehiagokan Mitxoletak taldeko Agirre eta Kukuprakak taldeko Oskoz aritu ziren. Oskozek sendo ekin zion partidari, eta hasieratik aldea zabaltzea lortu zuen markagailuan. Agirrek, ordea, ez zuen amore eman, eta partidaren bigarren zatian atzetik aurrera egiteko ahalegina egin zuen, lehia estutuz. Azkenean, Oskozek eutsi zion abantailari, eta 18-13 nagusitu zen.

Emaitza horrekin, finala zabalik iritsi zen binakako partidara. Bigarren norgehiagokan, ordea, Mitxoletak taldeko Iturriaga leitzarrak eta Betegik erakustaldi bikaina eskaini zuten. Hasieratik hartu zuten partidaren agintea, eta ez zieten aukerarik txikiena ere eman euren egunik onena izan ez zuen Aranburu-Ruiz de Larramendi bikoteari. Sendotasunez eta eraginkortasunez arituta, 22-1 gailendu ziren, eta garaipen horrek Mitxoletei eman zien puntua eta, ondorioz merezitako txapela.

Txapeldunak eta txapeldunordeak, Adoseko ordezkariekin eta Naroa Elizalde Etxekolonea zenaren amarekin.

Sari banaketak kutsu berezia izan zuen. Hernaniko Udaleko ordezkari Asier Mingoz gain, bertan izan baitzen Naroa Elizalde Etxekolonea zenaren ama, eta haren parte-hartzeak une benetan hunkigarria utzi zuen pilotariei bere eskutik txapelak jartzerako momentu ahaztezinean. 

Horrela bukatu da II. Etxeko Memoriala, kirola, bertsoa eta oroimena uztartu dituen txapelketa berezia. Bigarren edizioak maila handiko jardunaldiak, lehia estua eta giro ederra utzi ditu, eta igandeko finalak amaiera borobila eman dio aurtengo ibilbideari.

Publizitatea eta erakundeen dirulaguntzak ez dira nahikoa TTIPI-TTAPAren eta ERRAN.EUSen etorkizuna bermatzeko, eta zu bezalako irakurleen babesa behar dugu aitzinera egiteko.


Egin TTIPI-TTAPAren lagun